Gipuzkoako Txapelketako finala jokatuko dute ZKEko pilotariek, ostiralean

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 22a, 11:28

ZKEko Pilota saileko Jon Aizpuru eta Xabi Daguerre Loiolatarra 2 taldeko Asier Salaberria eta Xabier Huegunen kontra lehiatuko dira, Donostiako Loiolako pilotalekuan.

Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa azken txanpara heltzen ari da. Hain zuzen ere, ostiral honetan jokatuko dituzte gizonezkoen gomazko paletako finalak, lehenbiziko zein bigarren mailakoenak. Lehenbiziko mailan ZKEko Pilota saileko Jon Aizpuru eta Xabi Daguerre Loiolatarra 2 taldeko Asier Salaberria eta Xabier Huegunen kontra lehiatuko dira. 20:30ean izango da finala, Donostiako Loiolako pilotalekuan.

Bigarren mailan, berriz, Azkoitia 2 zein Danok Bat taldeetako pilotariek neurtuko dituzte indarrak: Iker Epelde- Mikel Azpirozek Igor Elezgarai-Xabi Garalderen kontra, hurrenez hurren.

Hurrengo asteko ostiralean, abenduaren 1ean, berriz, Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko dituzte hirugarren mailakoen finalak. ZKEko Iker Lizaso eta Mikel Kontreras Lagunak 2 taldeko Ander Conde eta Beñat Arrizabalagaren kontra ariko dira. Finalaren ordutegia oraindik ez dute zehaztu, baina aurreikusi dute 20:00etan izango dela.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren atarian dago informazio osoa eskuragarri.