«Aurkariaren ezaugarrietara egokitzen naiz borrokaldietan»

Aritz Mutiozabal 2017ko aza. 23a, 09:00
Jaime Urdanpilleta K1-eko borrokalaria (Aritz Mutiozabal).

Kickboxingeko K1 modalitateko jaialdia antolatu dute larunbaterako, Aritzbatalde pilotalekuan. Ekitaldiko borroka nagusian ariko da Jaime Urdanpilleta borrokalari zarauztarra, Asier Izpizuaren aurka.

Zarautzen abiatu zuen bere ibilbidea Jaime Urdanpilletak (Eibar, 1989), baina maila pixka bat lortu zuenean Donostiara lekualdatu zen. Egun Kuraia Martutene taldeko kidea da, eta Mikel Rodriguezen eta Mikel Cortesen gidaritzapean entrenatzen du. «Duela bi urte neoprofesional mailan egin nuen debuta, herrian bertan, Gustavo Joaoren aurka». Larunbat honetan berriro lehiatuko da Zarautzen. Oraingoan, profesional mailan ariko da, jaialdiko borroka nagusian.

Denboraldi berrian murgilduta zaude orain. Zer moduz joan zen aurrekoa?
Oso ongi joan zen. Uda aurretik Espainiako Txapelketan lehiatu nintzen: kanporaketa guztiak gainditu nituen, eta finalera iritsi nintzen. Finalean laguna dudan eta profesional mailako Europako txapelduna den Andoni Iglesiasen aurka galdu nuen, txapelduorde geratuz. Hori kontuan izanda, emaitza nahiko ona dela uste dut. Udatik ez dut borrokarik egin, eta larunbatean berriro ekingo diot.

Zarauzkoa, ordea, ez da txapelketa bat izango.
Ez, ez dago inolako titulurik jokoan. Jaialdi bat da, besterik gabe, eta jokoan dagoen bakarra ohorea da. Hala eta guztiz ere, ilusio ikaragarria egiten dit etxean borrokatzeak, familiakoen, lagunen eta ezagunen aurrean ariko naizelako. Indartsu sentitzen naiz. Gainera, oraingo honetan inoiz lehiatu ez naizen pisu-maila batean ariko naiz. Ni 63,5 kilokoen kategorian aritzen naiz, baina jaialdi honetarako 61,5 kilotan zehaztu dugu borrokaldia; ekitaldirako espresuki kilo pare bat galdu badut ere, ondoren nire pisu-mailara itzultzeko asmoa dut.

Kategoria bat behera egingo duzu egoerarako. Zer moduzko egokitzapena izan da?
Oso pisu baxua da, baina prestaketa oso ongi daramat eta uste dut oso sendo igoko naizela ring gainera. Berez, 61 kilotan dago nire kategoriaren aurreko pisua, baina niretzako baxuegia denez, aurkariarekin eta haren entrenatzailearekin adostu dugu 61,5 kilotan jartzea borrokaldia. Egun bat lehenago, ostiral arratsaldean, Zarauzko Nautiko tabernan pisatuko gara.

Asier Izpizua laudioarra izango duzu aurrez aurre. Aurretik neurtu al dituzu indarrak haren aurka?
Laguna dut, eta elkarren aurka lehiatuko garen lehen aldia izango da. Egia esan, banuen gogoa, eta uste dut hark ere bai. Oso harreman ona dut berarekin, ring gainean ez dago lagunik, ordea. Biok ala biok borroka irabaztera irtengo gara.

Zeintzuk dira zure dohainak ring gainean eta nola egituratuko duzu borroka?
Borrokaldi bakoitzean nire aurkariaren ezaugarrietara egokitzen naiz. Aurkaria kolpekaria bada, esaterako, logikoki ez naiz berarengana kolpeak ematera sartuko. Borrokalari azkarra naiz, ring gainean ongi mugitzen dena eta defentsa ona duena; izan ere, ez ditut kolpe askorik jasotzen. Baina Izpizuaren aurka beste modu batera planteatuko dut borroka, eta aurpegia emango diot, kontrara boxeatuz. Hark baino pisu gehiago izango dudanez, eta ondorioz, indartsuago joko dudanez, haren erasoei itxarongo diet eta kontran kolpatzen saiatuko naiz. Berak jotzen duenean nik erantzunez, hain zuzen ere. Hortik abiatuta, ikusiko dugu zer norabide hartzen duen borrokak, edozer gerta daiteke eta.

Nola ikusten duzu aurkaria?
Indartsu dago. Sare sozialen bidez jarraitzen ari natzaio, eta gogor entrenatzen ari dela ikusi dut. Badakit gogotsu datorrela. Gainera, jakin badaki nire herrian egingo diogula elkarri aurre, eta irabazi egin nahiko dit kosta ahala kosta. Aurten borrokaldi asko egin ditu eta puntu onean dator. Beraz, ez dizkit gauzak erraz jarriko.

Zuon bion borrokaz gain, beste lehia batzuk ere izango dira.
Gure borroka izango da jaialdiko norgehiagoka nagusia. Amateur mailako superfight bat ere egongo da, baita beste borrokaldi solteren bat ere. Horiez gain, lau borrokalariren arteko torneo bat jokatuko da, jardunaldiko beste hitzordu ikusgarrienetako bat. 75 kilo azpiko kategoriakoa izango da, eta Liber Gesalaga oriotarrak hartuko du bertan parte.

Zer helburu duzu denboraldi berrirako?
Ekainean bukatu nuen aurreko denboraldia eta aurtengoa orain hasiko dut. Otsailean, Bilboko K1 Slam jaialdian izango naiz, eta Delfin Bergara bilbotarraren aurka egingo dut borroka. Sekulako jaialdia izango da: nazioarte mailako borrokalari Mohammed Jaraya bertan izango da. Nolabait esateko, K1eko Cristiano Ronaldo litzateke. Pentsatzen dut profesional mailako beste borrokaren bat edo aterako zaidala, eta ondoren, Espainiako Txapelketan izango naiz.


Sarrerak salgai daude larunbateko K1 jaialdirako

Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko dute K1 jaialdia, larunbatean, 18:00etatik aurrera. Jaime Urdanpilletaren eta Asier Izpizuaren arteko profesional mailako borroka izango da jardunaldiko lehia nagusia; hiru minutuko hiru aldi jokatuko dituzte, hain zuzen ere. Beste hainbat borrokaldik osatuko dute ekitaldia.

Nautiko, Bederen, Marmol eta Gaba tabernetan jarri dituzte salgai sarrerak, 15 eurotan; egunean bertan ere erosteko aukera izango da leihatilan, 18 eurotan.

Hirugarren urtez jarraian antolatu dute K1eko jaialdi bat Zarautzen; iaz, adibidez, taldekako Espainiako Txapelketa jokatu zen. Harrera «oso ona» izan ohi duela dio Urdanpilletak.