"Hiru urte barru hondakinen %75 gaika jasotzea da helburua"

Gorka Zabaleta 2017ko aza. 23a, 10:48
Igor Iturain (Gorka Zabaleta).
2018ko otsailaren 1etik aurrera hondakinak bildu eta kudeatzeko sistema berria estreinatuko dute Kostako bost udalerriek. Urola Kostako Udal Elkarteak hartuko du kudeaketaren ardura osoa. Urola Kostako Hitzak elkarrizketa egin dio Urola Kosta Udal Elkarteko presidente Igor Ituraini.

Adoste lan handia egin behar izan dute Kostako bost udalerrietako ordezkariek eta Udal Elkarteko arduradunek, baina erabakiak hartuta daude eta orain hondakinak kudeatzeko sistema berria abiatzea baino ez da falta. «Guretzat urte konplikatua izango da 2018a, gauza asko berriak izango direlako, baina oinarria jarrita dago eta ez dauka atzera bueltarik», azaldu du Urola Kosta Udal Elkarteko presidente Igor Iturainek (Aia, 1973). Abenduan hainbat bilera egingo dituzte herriz herri sistema berria herritarrei aurkezteko. “Gabonen bueltan 20.000tik gora txartel elektroniko banatuko ditugu, eta otsailaren 1etik aurrera dena martxan egongo da”.

Zergatik erabaki da hondakinen kudeaketa osorik Udal Elkartearen esku uztea?
Gaikako bilketa guztia Udal Elkartetik kudeatu izan da, baina errefusa udal bakoitzak jaso du berea. Horri ez genion zentzu handirik ikusten, eta iruditu zaigu modu efizienteagoan egin daitekeela lan sistema batuta.

Alderdi politiko guztiak ados al daude sistema berriarekin?
Bai, eta oso garrantzitsua da hori. Bakoitzak bere ñabardurak izango ditu, baina alderdi politiko guztiak adostasun batera iritsi gara eta denok batera goaz. Indarra ematen du herritarrari ahalegin bat eskatzeko garaian.

Urola Kostan hondakinen %40 jasotzen dira sailkatuta. Zer helburu jarri dizkiozue sistema berriari?
Helburuak idatziz jasota daude: 2018an %60ko sailkatze tasara iritsi behar gara, 2019an %70era, eta 2020an hondakinen %75 gaika jasotzea da helburua. Sistema honekin %80ra iristeko aukera dago. Debagoienan segituan iritsi ziren %80ra, baina hemen ez da hain erraza izango, turismoak daukan pisuagatik.

Zer aldaketa ekarriko ditu sistema berriak?
Herritarrentzat aldaketa handirik ez da izango. Bost edukiontzien sistemarekin jarraituko dugu, baina errefusarena eta organikoarena txartel elektroniko batekin irekiko dira. Etxebizitza bakoitzari edukiontzi jakin bat izendatuko zaio eta hura erabili beharko du, eta edukiontziak une oro egongo dira erabilgarri.

Edukiontzi berriak jarriko al dira?
Errefusaren eta organikoaren edukiontzi guztiak berriak izango dira. Gehienak handiagoak izango dira, baina edukiontzi txikiagoak ere aurreikusi ditugu, alde zaharretan-eta erabiltzeko.

Sistema honekin nola bermatzen da herritarrak ondo sailkatuko dituela hondakinak?
Ez dago bermerik. Gauzak garbi esan behar dira. Ez du ziurtatzen herritarrak ondo egingo duenik. Sistema honekin jakin dezakegu edukiontzi jakin batean arazoak daudela eta hor ahalegin bat egin egoera zuzentzeko.

Eta zer egin daiteke horrelako kasu baten aurrean?
Ez da erraza, baina hezitzaileekin egin daiteke lanketa berezi bat, edukiontzi horiei arreta gehiago jarri, erabileraren jarraipen bat egin, erabiltzaileak sentsibilizatu… Baina sistemak ez du ziurtatzen ehuneko ehunean ondo sailkatuko denik. Ehun bizilagunetik batek gaizki egiten badu, ez dugu jakingo nor den. Hori da sistema honek daukan gabezietako bat, kontrol zorrotz hori ez dagoela. Baina, oraingoz, ez dugu puntu horretara iritsi nahi.

Beraz, sistema oinarritzen da herritarraren borondate onarengan.
Bai, konfiantza daukagu herritarrengan. Hemen badago ibilbide bat bost edukiontzien erabilerarekin. Lan txukuna egin daitekeela uste dugu.

Aurrerantzean, kobraketak ere Udal Elkartetik egingo al dira?
Bai, hori da beste aldaketa handi bat. Orain arte herri bakoitzak kobratzeko bere sistema eduki du, baina datorren urtetik aurrera Udal Elkartetik kobratuko da zuzenean. Horrek kudeaketan ahalegin handia eskatu digu, jauzi handi bat da guretzat. Ordenantzak ere bateratu egin behar izan ditugu.

Ordenantza berrian isunak aurreikusi al dira?
Isunak jasotzen dituen puntu bat badago, bai; baina konfiantza eta sentsibilizazioa jartzen ditugu aurretik.

Aldaketa handiena merkataritza, ostalaritza eta enpresentzat etorriko da, ezta?
Nabarmenena hori izango da, eta kostean gehien eragingo duena ere bai. Hondakinak atez ate jasoko zaizkie. Hezitzaileak irailetik ari dira bilerak egiten, ikusteko zer motako hondakinak sortzen dituzten, zenbat sortzen duten, eta zerbitzua egokitzeko. Horren arabera edukiontziak emango zaizkie, sortzen dituzten hondakinak sailka ditzaten, eta adostutako egun eta orduetan jasoko zaizkie. Beira, orain arte bezala, kaleko edukiontzietara botako dute. Garbi daukagu sektore hauek inplikatu behar ditugula, bestela ezin gara %75era iritsi.

Sistema hau aurrekoa baino garestiagoa al da?
Bai, kostea igo egin da.

Zenbat kostatzen zaie Urola Kostako bizilagunei hondakinen kudeaketa?
Dena kontuan hartuta, bost milioi euro inguru.


BILERAK ZARAUTZEN

  • Abenduaren 11n, udaletxeko pleno aretoan: 18:00etan euskaraz, 19:30ean gazteleraz; Azken Portuko Kristau Biltokian: 18:30ean gazteleraz eta 19:30ean euskaraz.

  • Abenduaren 22an, Etxezabalan: 09:30ean euskaraz, 11:00etan gazteleraz, eta 12:30ean euskaraz; Iñurritzan, jubilatuen lokalean: 19:30ean, euskaraz.

  • Abenduaren 29an, Etxezabalan: 11:00etan gazteleraz, 12:30ean euskaraz, 18:00etan gazteleraz eta 19:30ean euskaraz.