'Ludotxo', ludotekaren izen eta logo berria

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 23a, 11:59

Martina Garcia Arrizabalagaren proposamenak irabazi du ludotekako lehiaketa.

Astelehenean, Haurraren Nazioarteko Egunean, jakinarazi zuten ludotekako logoa eta izena aukeratzeko lehiaketako irabazlea zein den: Orokieta herri eskolako Martina Garcia Arrizabalagaren Ludotxo hontza eta horren buruaren irudia aukeratu ditu epaimahaiak. Nekane Iribar Hezkuntza zinegotziaren eskutik jaso zuen 9 urteko neskak saria. Hain zuzen ere, 50 euroko txartela eskuratu du Zarauzko dendetan erabiltzeko.

Iribarrek lehiaketaren balorazio "positiboa" egin du eta lehiaketan parte hartu duten ikasle guztiak zoriondu ditu: "Zarautzen artista txiki asko dugu, sormen handiarekin, eta oso gustura gaude epaimahaiak hautatutako proposamenarekin. Ziur nago izen honek ludotekari bultzada polita emango diola aro berri honetan".

Izan ere, Gazteria sailak proiektu berri baten aldeko apustua egin du aurten; urrian zabaldu zuten espazio berritua, hainbat aldaketekin. Besteak beste, erabiltzaileen adin tartea zabaldu dute 4 urtetik 11 urtera eta doako zerbitzua eskaintzen hasi dira. Hezkuntza zinegotziak adierazi du erabiltzaileak "oso gustura" daudela aldeketekin, eta "bete-betean" asmatu dutela.