Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna

Minetik abiatutako bidaia baten kaleratzea

Aritz Mutiozabal 2017ko aza. 24a, 11:02
Ainhoa Alberdi Gisasola eta Eneko Balerdi Eizmendi, ‘Dolor ex in itinere’ lanaren sortzaileak (Amets Garcia Alberdi).

Dolor ex in itinere performance ikuskizun ibiltaria eskainiko dute Ainhoa Alberdi Gisasolak eta Eneko Balerdi Eizmendik, larunbat eguerdian, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean.

Mina du abiapuntu Ainhoa Alberdi Gisasola zarauztarraren eta Eneko Balerdi Eizmendi aiarraren Dolor ex in itinere antzezlanak. Zarauzko Udaleko Parekidetasun Departamentuaren eskariz, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunerako propio sortutako performace ibiltaria da, eta bihar bertan eskainiko dute, azaroaren 25ean, 13:30ean hasita, Torre Luzeatik abiatuta.

Duela bi urte ere performance ikuskizun bat antzeztu zuten bi sortzaileek azaroaren 25aren harira, Parekidetasun Sailak proposatuta. Nirekin dantzatu nahi? izenburupean, elkarrekin landutako estreinako lana izan zuten hura. «Gure lan egiteko modua oso intuitiboa da, lotura energetiko handikoa. Orduko hartan nahiko gauza deskriptiboa eta argia egin genuen, eta kanpotik ikusita kontakizun bat zegoen», nabarmendu du aktore zarauztarrak: «Agerikoa zen gizon eta emakume baten arteko indarkeria».

Aurtengorako, aitzitik, ez zuten gauza bera errepikatu nahi, «hori askotan kontatuta» dagoelako. «Kontua izan da gaiari nondik heldu eta nondik begiratu aurten, niretzako ere erakargarri izan zedin», gaineratu du Alberdi Gisasolak. Hala, minaren kontzeptua hartu dute oinarritzat: «Mina guztion gauza da, unibertsala. Ez da bakarrik tratu txarrak jasan dituzten emakumeena. Erasotzailearen atzean ere mina dago».

Emanaldi abstraktuagoa izango da, eta ez da toki zehatz batean eskainiko, baizik eta askotan. «Enekoren ideia izan da ikuskizuna ibiltaria izatea. Aspalditik zeukan buruan halako zerbait egiteko gogoa. Orduan, irudiak sortzen joan ginen, eta horiek zein tokitan kokatu genitzaken lantzen». Zarauztarraren esanetan, «bidaia bat da minetik».

Antzezlana iragartzeko kaleratu dituzten karteletan ondorengo laburpena irakur daiteke, gainera: «Gorputzean nolako deiadarra egiten duen galdetu nahi da, eta minaren iraupenak, formak, argiak edo koloreak, zein soinuak, uhinez uhin egiten duten gorputzaren konkista irudikatzen du».


Minaren ibilbidea

Dolor ex in itinere izenburua hitz joko luze bat da, izatez. Dolor ex horrek «izan zen mina» esan nahi duela dio, eta in itinere amaierak, berriz, «bidean». Alde horretatik, iradokitzailea dela aditzera eman du: «Abstraktutasun horretatik egin dugu guztia, intuitiboki, pieza bera bezalaxe. Bakoitzari iradokiko dio gauza bat momentu bakoitzean».

Performace emanaldiaren barruan momentu ezberdinak izango direla aurreratu du Alberdi Gisasolak: «Irudiak daude; momentu batzuk koreografiatuak; beste batzuk geldoak, mugimendu txiki-txiki batekin; testu baten audio bat ere bai emanaldiaren zati batean...»

Torre Luzeako eskaileretan hasiko dute antzezpena, eta, jarraian, Kale Nagusitik abiatuta,  herriko hainbat toki zeharkatuko dituzte, hainbat geldialdi eginez. Ibilbidea zein izango den ez du aurreratu nahi izan, ikuslearentzat «sorpresa» izan dadin.