Umore puntu bat, bertsozaleei jarritakoa

Maite Alustiza / Berria.eus 2017ko aza. 24a, 12:40
Intxauspe, Fernandez eta Unzueta antzezleak Irungo saioko bideo bati begira (Berria.eus).
Antzerkia eta bertsolaritza gertuko dituzte Oroitz Unzuetak, Beñat Intxauspek, Mikel Fernandezek eta Hodei Iruretagoienak. Antzezle eta gidoilari gisa, eroso ibiltzen dira umorean, baita kamera aurrean ere. Berria egunkariak egin du erreportajea.

Dena ondo zihoan, argia piztu den arte». Gaia entzun orduko, gelako argia piztu du bertso eskolako irakasleak, eta kolpean esnatu da begiak itxita zegoen adineko bertsozalea. Irungo (Gipuzkoa) finalaurrekoko kartzelako gaiari tiraka, horrela ekin diote esketxari Oroitz Unzuetak eta Beñat Intxauspek. Astero, Mikel Fernandez eta hirurak kamera aurrean jartzen dira, Hodei Iruretagoienaren gidoiari jarraituz, Txapelpekoak saiorako esketxak egiteko.

Zarauzkoak (Gipuzkoa) dira denak, eta kuadrillakoak hiru antzezleak. Aurretik antzerki lanetan aritu izan dira, umeentzako antzerkitxoak-eta egiten. «Zarautzen Alproja antzerki taldea dago, eta hor hasi ginen pixka bat antzerki munduan sartzen», esan du Unzuetak. Oraindik ere egiten dute Alprojarekin antzezlan bat, euskal jaietan, baina besterik ez, Iruretagoienak elkartu dituen arte: «Txapelketari begira telebista saio bat egiteko asmoa zeukatela deitu zidaten BERRIAtik, eta nahi zutela umorezko esketx moduko zerbait sartu. Nik, nahiko azkar, hauengan pentsatu nuen».

Gehiago edo gutxiago, bertsozaleak dira denak. Unzuetaren etxean afizio dezentekoa izan dute, eta hark, garai batean kasu askorik egiten ez bazion ere, orain geroz eta gehiago. Inguruan tokatuz gero, Fernandez eta Intxauspe joaten dira saioetara; zaleak ez ezik, «parrandako bertsolariak ere» badirela dio Intxauspek. Iruretagoienak barruagotik bizi izan du bertsolaritza: txikitatik bertso eskolan, eskolarteko txapelketetan, Gipuzkoakoan... Azken urteetan, bertsolari gisa gutxiago aritu arren, gertutik segitzen du.

Erreportaje osorik irakurtzeko: Berria.eus