Gabonetako Harrijasotze Kopako kanporaketa jokatu zen atzo Urrestillako Txikuri frontoian. Nor baino nor aritu ziren Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarra eta Jon Gisasola mallabiarra. Lehia estua izan zen, baina, lanak bukatzean, Eiza nagusitu zen 60 altxaldi eginda; Gisasolak, berriz, 59 altxaldi egin zituen.
Lehenik 100 kiloko zilindro zaharra altxatu zuten bi minutuko txandan: Eizak 25 aldiz altxatu zuen, eta Gisasolak 26 aldiz. Ondoren, 100 kiloko kubikoaren aritu ziren lanean: Eizak 16 altxaldi egin zituen, eta Gisasolak 13. Azkenik, 100 kiloko bola altxatu behar izan zuten; Gisasolak 20 aldiz altxatu zuen, eta Eizak 19 aldiz. Horrenbestez, Eiza zarauztarrak kopako hurrengo kanporaketarako txartela eskuratu du.