Ostegunean turismoko plan estrategikoaren lerroak aurkeztuko dituzte

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 28a, 13:11
Zenbait turista Zarauzko Turismo Bulegotik irteten, udan. (Zarauzko Udala)

Bilera Lizardi institutuan izango da, 19:00etatik hasita.

Zarauzko Udalak pasa den ekainean jarri zuen martxan turismoko plan estrategikoa osatzeko parte hartze prozesua, aurrerantzean alor horretan zein norabide hartu erabakitzeko. Orain arte zarauztarren, alderdi politikoetako ordezkarien, udal teknikarien herriko elkarteetako kideen–besteak beste, Murkil dendarien elkartekoena eta Zurekin ostalari elkartekoena–, enpresa turistikoetako arduraduenen iritziak jaso dituzte. Era berean, Zarauzko Turismo Bulegoko teknikarien ikuspuntua ezagutze aldera, inkestak egin dituzte eta diagnostikoa osatu dute.

«Zarauztarrekin elkartu eta orain arte egindako lana aurkeztu eta ekarpenak jasotzeko garaia» dela adierazi du Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak. Hori dela eta, bilera irekia antolatu dute ostegunerako, hilaren 30erako. Bertan turismoko plan estrategikoaren lan lerro nagusiak aurkeztuko dituzte. «Nahi duenak izango du aukera lan lerro nagusiak lehenesteko saiora bertaratzeko aukera», jakinarazi du Larrañagak. Hain zuzen ere, zarauztarren zein sektoreko profesionalen aldetik ahalik eta ekarpen gehien jasotzea dute helburu.

Bilera Lizardi institutuan izango da, 19:00etatik hasita. Lanketa Gura Market In enpresaren aholkularitzarekin ari dira egiten.