Mahasti Krosa jokatuko dute estreinakoz otsailaren 25ean

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 29a, 13:37

Talai-Berri txakolindegiren ekimenez sortu da lasterketa, upategiaren 25. urtemugaren barruan. 7,6 kilometroko ibilbidea izango du, eta Talaimendiko eta Malla-Arriko parajeetan zehar jokatuko da.

Lasterketa berri bat sortu dute herrian: Mahasti Krosa. Talai-Berri txakolindegiak antolatu du, upategiaren 25. urteurreneko ospakizunen barruan, eta 2018ko otsailaren 25ean jokatuko da, irteera 10:30ean eginez. Ibilbidea ere zehaztu dute: Talai-Berri txakolindegitik abiatuko dira korrikalariak, Malla-Arriko kargalekura jaitsi, handik mahastira igo eta bertako lursailetan zehar igaro ondoren, txakolindegian bertan amaituko da lasterketa. 7,6 kilometro izango ditu ibilbideak

Izeana emateko epea zabaldik dago, eta herrikrosa.eus atarian egin daiteke, 12 euro ordainduta. Ehun lagunetara mugatu dute parte hartze kopurua. Dortsala txakolindegian banatuko dituzte otsailaren 24an 17:00etatik 19:00etara, eta egun berean lasterketa hasi baino ordubete lehenago.

Sariak egongo dira lehen hiru sailkatuentzat, bai emakumezkoetan bai gizonezkoetan: irabazleek txapela, Manu Urbietaren eskultura eta beren pisuaren adina Talai-Berri txakolin botila jasoko ditu; bigarren sailkatuek Manu Urbietaren koadro bat eta sei botilako Talai-Berri txakolin kaxa bat; eta hirugarren sailkatuek, Manu Urbietaren koadro bat eta 3 botilako Talai-Berri txakolin kaxa bat. Era berean, lasterketan parte hartzen duten guztiei Antton Olariagak diseinaturiko elastikoa eta Talai-Berri txakolin botila bana oparituko zaie.