Hainbat lan egingo dituzte Iñurritzan bihartik aurrera

Zarauzko Hitza 2017ko aza. 29a, 17:59
Itxasmendin zenbait lan egin ondoren, Iñurritzara helduko da bihar Auzoz Auzo.

Auzoz Auzo programaren barruan, Portalier plazako jarlekuak ordezkatuko dituzte, euri urak jasotzeko kanal berria egingo dute Iñurritzako parkean eta Gipuzkoa kaleko autobus geltokiko estalpea berritu, besteak beste.

Auzoz auzo programa Iñurritzara helduko da bihar. Obra Txiki eta Zerbitzuetako zinegotzi Iban San Martinek aurreratu duenez, aurrekontuen inguruko parte hartze prozesuaren barruan, Iñurritzan egindako bileran auzotarrek egindako eskaera batzuk burutuko dituzte: "Portalier plazan bankuak egoera oso txarrean daudela jakinarazi ziguten eta, arazo horri erantzuna emateko asmoz, bertan egingo ditu lehen lanak brigadak". Hain zuzen ere, sei jarlekuak ordezkatuko dituzte eta plazako garajeetako sarreran dauden baldosak ere konponduko dituzte.

Era berean, Salbatore Mitxelena ikastola inguruan hainbat konponketa egingo dituzte, besteak beste, Iñurritzako parkean kanal bat egingo dute euri urak jaso eta "modu egokian" birbideratzeko dagokion lekura. Horrez gain, ikastolako sarbideko lurzorua konponduko dute. Gipuzkoako Ur Kontsorzioak parke horretan duen ur biltegiko hesia aldatu eta esparrua guztiz itxiko dute, "haurren segurtasuna bermatzeko asmoz".

Gipuzkoa kaleko autobus geltokiko estalpea ere atonduko dute, bestalde. Lapurdi kaleko bidegorrian, berriz, aldaketak egingo dituzte. "Ikastolara doan bidegorrian estoldetako tapak zirkulazioaren norantzan ezarrita daudela eta erorketa arriskua dagoela nabarmendu ziguten Iñurritzako bizilagunek. Arazo horri irtenbidea emateko, estoldetako tapen norantza aldatuko diegu", aurreratu du San Martinek.