«Dudan guztia emango dut berriro ere garaipena etxera ekartzeko»

Aritz Mutiozabal 2017ko aza. 30a, 10:42
Aitor Frantzesena 'Gallo' (Utzitakoa).

Surf egokituko munduko txapelketan lehiatuko da egunotan Aitor Frantzesena Gallo, ikusmen arazoak dituztenen mailan, eta iaz lortutako garaipena berresten saiatuko dela adierazi du.

Asteartetik Kalifornian dago Aitor Frantzesena Gallo (Zarautz, 1970), hirugarren urtez Stance ISA World Adaptive Surfing Championship proban lehiatzeko. Gaur hasi eta igandea bitartean jokatuko dute surf egokituko munduko txapelketa, eta zarauztarrak iaz lortutako titulua defendatuko du ikusmen arazoak dituztenen mailan. Aurretik, Nikaraguan izan da astebetez, Popoyo zonaldean,«olatu onekin prestatzen»; Iñigo Belartieta zarauztarrak bertan duen Mola Mola surfcampean egin du egonaldia.

Munduko txapeldun bezala hartuko duzu parte aurten. Alde horretatik, erantzukizun handi sentitzen al duzu?
Ahaleginak egingo ditut garaipena berresteko, baina ez da batere erraza izango. Iaz txapeldun izanda, nire aurkariek orain badakite nola egiten dudan surfean, eta gogor prestatuko ziren txapelketarako. Ez dakit zer-nolako mailarekin etorriko diren... Ni behintzat saiatu naiz ongi prestatzen urte osoan, eta dudan guztia emango dut garaipena berriro ere etxera ekartzeko. Edonola ere, iruditzen zait iaz baino zailagoa izango zaidala. Azken astea Nikaraguan pasatu dut entrenatzen, eta esan didatenez, txapelketarako olatu txikiak espero dira, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Zer moduz aurkitzen zara eta nola ikusten dituzu beste surflariak? Zein litzateke zure aurkari zuzenena?
Oso ongi sentitzen naiz, bai fisikoki bai teknikoki, prestakuntza ona egin dudalako. Beste parte hatzaileen artean, niretzako aurkari gogorrena Brasilgo mutil bat izango da: Elias Figue Diel. Oso ongi moldatzen da, eta iaz gauzak ez zizkidan erraz utzi. Matt Formston australiarra ere gogor dabil. Beraz, ez nuke jakingo esaten bietako zein izango den aurkari zuzenena.

Entrenamenduak eta prestaketa saioak zer moduz joan dira?
Etxean eginiko entrenamenduak oso onak izan dira, baina Nikaraguara joan aurreko azken hogei egunetan nire bizitzari buruzko dokumentala grabatzen aritu naiz, eta egun horietan oso surf gutxi egin dut. Horregatik, azken astea Nikaraguan pasatzea erabaki nuen, azken prestakuntza txukun egiteko. Igandea bitartean olatu onak izan genituen, eta sentsazio onak izan ditut. Zentzu horretan, gogoz noa txapelketara.

Oraingo honetan ere Ibon Illarramendi Koala izango al duzu laguntzaile?
Halaxe da, bai. Ibon Illarramendi Koala dator oraingoan ere nirekin laguntzaile moduan. Iaz bere laguntza oso inportantea izan zen, eta argi neukan berak izan behar zuela nirekin etorri behar zuena. Bere indarrak asko laguntzen dit aurrera egiten, eta iaz nire alboan egon ez balitz, agian ez nukeen txapelketa irabaziko. Beraz, bera da niri laguntzeko pertsona aproposena.

Iazko hondartza berean lehiatuko zarete? Nolako olatua da hangoa: zuretzat aproposa?
Bai, iaz bezala San Diegoko (Kalifornia, AEB) La Jollako hondartzan jokatuko da txapelketa. Bertako olatuak ez da niri ondoen datozkidanak, normalean oso txikiak izaten direlako. Baina aurreko urteetatik eremua ezagutzen dudanez, horretara moldatu naiz eta prestakuntza ia guztia olatu txikietan egin dut. Horretan ahalegindu naiz; hau da, tamaina txikiko olatuak zeudenean, denbora gehiago pasatuz uretan. Gainera, taulak ere baldintza horietarako prestatu ditut: normalean olatu ezberdinetarako taula ezberdinak egiten dituzu, baina aurten egin ditudan taula gehienak olatu txikietarako izan dira. Probatzen aritu naiz egokienak topatu arte, eta uste dut lortu dudala. Nahiz eta olatu txikiak nire gustukoenak ez izan, lan polita egitea espero dut.

Helburu nagusia txapelketa irabaztea izango al da?
Helburu nagusia txapelketa irabaztea da, baina gauza gehiago ere badaude. Haratago doan zerbait da. Partaide guztiekin egun hauek pasatzea zoragarria da. Izan ere, txapelketa honetan gertatzen diren gauzak ez dira egunero bizitzen. Mundu honi eta, batez ere, bati baino gehiagori ongi etorriko litzaioke txapelketa honetara etortzea, parte hartzaileek nolako motibazioa, gogortasuna eta bizi poza duten ikusteko. Une ikaragarriak dira, hor bakarrik bizi ahal direnak. Balio handia du jende guztiarentzat, baita niretzat ere. Esperientzia mundiala da!

Nola izango da txapelketaren dinamika?
Gaur hasi eta igandean bukatuko da, abenduaren 3an. Itsas baldintzen arabera, parte hartzaile batzuk edo beste batzuk lehiatzen dira; bakoitzaren mailaren eta arazoaren arabera erabakitzen dute. Hori bezperan zehazten dute, aurreikuspenak kontuan izanda. Dena dela, esan didate olatu txikiak izango direla, eta, beraz, ez dakit nola programatuko duten txapelketa.