Surfa bezala, Ibon Mugerzak (Tolosa, 1983) «betidanik» praktikatu izan du snowboarda. Duela hamabi urte moto istripu larria izan zuenetik, ordea, ez du elurretako taula «asko» erabili. Zarauzko bizilagunak %50eko elbarritasuna du ezbeharraren ondorioz, eta eskuin besoko zein sorbaldako eta bizkarreko zati bateko sentsibilitatea galdua du. «Aurreko urtean hasi nintzen snowean, baina ordura arte hamar urte neramatzan elurrik ukitu gabe». Hain zuzen ere, iaz ezagutu zuen Astrid Fina Snowboard Egokituko Munduko Kopako txapeldunorde eta Espainiako selekzioko kidea, eta hark animatu zuen txapelketetan parte hartzera.
Egunotan Pyhan da, Pelkosenniemiko eski estazioan (Finlandia), Snowboard Egokituko Munduko Kopako hirugarren proban parte hartzeko. Gaurtik hasi eta larunbatera arte, abenduaren 2ra arte, iraungo du snowboardcross modalitateko txapelketak, eta SB-UL mailan hartuko du parte Mugerzak; hau da, gerritik gora lesioren bat duten snowboarderrekin ariko da lehian. Hala, bihar eta etzi bi proba jokatuko ditu. Bi egun horietan erlojupeko lasterketak izango dira, bakarka, eta horien artean lehen hamar sailkatuen arteko probak ondoren, binaka.
Oraingoa entrenatzen ari den bigarren denboraldia du, eta aitortu du ez dela «oso erraza» jarraipena ematea; izan ere, herritik kanpo joan behar izaten du trebatzera, bertan elurrik ez dagoelako. «Denboraldi-aurrea egitera Italiara joan behar izaten dugu. Bestela, urtean zehar, Baqueiran saioak egiten ditut Espainiako selekzioarekin, eta Formigalen ere entrenatzen dut, kasu horretan nire kasa». Horrez gain, prestatzeko fisioterapia saioak egiten ditu etxean dagoenean, kiroldegian, eta surfak ere «asko» laguntzen diola dio.
Prestaketak prestaketa, halako txapelketetan podiuma lortzea «oso zaila» dela onartu du Zarauzko bizilagunak; izan ere, «sekulako maila» ari dira erakusten kirolariak. «Baina, nork daki! Garaipena ez dago soilik norberaren mailaren mende, zorteak ere badu eragina», nabarmendu du. Roberto Cavicci, Manuel Prozerle nahiz Paolo Priolo italiarrak eta Julien Roulet nahiz Maxime Montagione frantsesak dira Murgerzaren aurkari zuzenak. Horiez gain, bere antzeko postuetan dabilen estatubatuar bat ere badela jakinarazi du. «Hala ere, elkarren artean harreman oso ona daukagu eta beti pozten gara bakoitzak lortutako emaitzarekin». Egunotakoa snowboardcross modalitateko lehen proba izango da Mugerzarentzat, eta aurreko probetako postuak lortzen baditu «oso gustura» sentituko dela dio.
«Sekulako lorpena»
Irailean hasi ziren jokatzen Snowboard Egokituko Munduko Kopa, Zeelanda Berrian, banked slalom modalitatean. Mugerzak ezin izan zuen lehen proba horretan parte hartu, «baliabide faltagatik». Kirol «garestia» izaki, babesle bat lortzeko jakitun da berea ibilbide «oso motza» dela. Era berean, adierazi du Espainian ez dagoela halako zirkuiturik, eta herritik kanpo joan behar izateak, laguntza faltak... Horrek guztiak eragina duela. Zentzu horretan, Ibiliz Fundazioaren eta Kemen kirol egokituko elkartearen laguntza eskertu du: «Bestela ezingo nuke iritsi».
Hala, Munduko Kopako bigarrengo proban lehiatzeko aukera izan zuen. Azaroaren 15ean eta 16an Herbehereetan izan zen, eta emaitza «onak» lortu zituen, gainera. Hain zuzen ere, hamargarren eta hamaikagarren postuetan sailkatzea lortu zuen bi egunetan. Horrekin batera, Europako Kopako proba batean ere lehiatu zen, eta hamabosgarren egin zuen. «Sentsazio ona izan nuen, baina jakin banekien zirkuituko rider guztiek nik baino gehiago entrenatu zutela. Zentzu horretan, hamaikagarren eta hamargarren postuak lortzea emaitza oso ona da niretzako», nabarmendu du.
Finlandiako txapelketaren ondoren, Kanadan izango da Snowboard Egokituko Munduko Kopako laugarren eta azken proba. «Ez dakit azken proba jokatu ahal izango dudan, baliabide faltagatik ez ezik, ez dakidalako Espainiko selekzioak deituko nauen ala ez. Beraz, oraindik ez dakit seguru joan ahal izango dudan». Dena den, «hasiberri batentzat» banked slalom modalitateko sailkapen orokorrean hamahirugarren postuan egotea «sekulako lorpena» dela adierazi du Mugerzak.