Hilero bezala, Merkatutik zuretzat. 12 hilabete, 12 produktu zikloaren barruan, jardunaldia izango da larunbat goizean, Merkatu plazako lehenbiziko solairuan, 11:00etan hasita. Oraingo honetan, abenduko produktuekin, hau da, brokolia, urdaiazpikoa panekarekin prestatuko dituzte plater eta pintxo bana Aiala ostalaritza eskolako ikasle Lierni Gutierrez eta Eneko Arandiak. Zehazki, brokolia urdaiazpiko errearekin bere saltsan osatutako platerra eta paneka frijitu pintxoa egingo dituzte, azken hori ziape eta limoizko maionesarekin.
Ohi bezala, Merkatu plazan erosiko dituzte osagaiak eta postuetako ordezkariek emango dituzte horien inguruko xehetasunak. Kasu honetan, Itziar arrandegiko Jonek panekaren inguruan hitz egingo du, Urtetako Gurmendi Baserriko Mikelek barazkiei buruz eta Arizia sagardotegiko Maitek, berriz, edari horretaz.
Era berean, prestatuko dituzten plater eta pintxoaren errezetak eskuragarri izango dira, eta ekimeneko bederatzigarren otarra ere zozkatuko dute. Halaber, haur txoko bat ere izango da erabilgarri.
Jesus Arana Sustapen Ekonomikoko zinegotziak ekimenak herritarren artean izan duen harrera "oso positiboa" dela adierazi du: "Orain arte izan ditugun hiru saioetara hurbildu diren herritarrekin hitz egiteko aukera izan dut eta hauen iritzia ekimenarekiko oso positiboa da. Orokorrean, garaiko produktuei buruz eta sukaldatzeko tresnei buruz asko ikasten ari direla diote eta, era berean, pintxo eta platerak zuzenean prestatzeak sukaldari bikoteari galderak egiteko aukera ematen duela iritzi dute. Pintxoa dastatzeko aukera eskaintzean, prestatutakoa guztion eskura dagoela ikusten dute eta, era berean, Merkatu plazako produktuen kalitate eta zaporea dastatzen dute”.