Euskararen Eguna 2017

Hiru entitate batu dira Bai Euskarari ziurtagirira

Zarauzko Hitza 2017ko abe. 1a, 14:50

Euskararekiko konpromisoa berretsi dute udalak eta 33 eragilek. Hiru dira Bai Euskarari ziurtagirira batu diren entitate berriak: Ekolio, Solozabal eta Maria Etxetxiki eguneko zentroko Eulen zerbitzuak.

Euskararen Eguna iristeko bi egun falta direnean, Zarauzko Udalak eta Bai Euskarari elkarteak hitzarmena berritu dute gaur eguerdian, udalbatzar aretoan. 2005ean sinatu zuten lehenbiziko aldiz hitzarmena bi aldeek eta, Xabier Txurruka alkateak adierazi duenez, urte hauetan "makina bat" izan dira hitzarmen horretara batu eta akordioa bera berritu duten entitateak. Hori horrela, aurten 30 dira ziurtagiria berritu dutenak –tartean, Urola Kostako Hedabideak–, eta beste hiru batu dira: Ekolio olioaren birziklapen zerbitzuak, Solozabal autoeskolak eta Maria Etxetxiki eguneko zentroko Eulen zerbitzuak, hain zuzen ere. Udalak ia 4.500 euroko ekarpena egin du aurten alor horretan.

Ziurtagiriaren elkarteko ordezkari Arkaitz Illarramendik eta Xabier Txurrukak sinatu dute akordioa. Gutierrezek ziurtagiria duten entitate guztiak zoriondu ditu eta eskerrak eman dizkio udalari, urte hauetako elkarlana "emankorra" izan delako. Haren hitzetan, "gu guztion rol aktiboa funtsezkoa da aldaketak egin nahi baditugu eta pixkanaka lan mundua euskalduntzen joan nahi baldin badugu". Zentzu horretan, guztion inplikazioa "beharrezkoa" dela nabarmendu du, "urrats horiek eman eta euskararen espazioak arlo sozio-ekonomikoan areagotuko baditugu".

Horrekin batera, aitortu du gaur egun "pozgarria" dela, "lorpenak ematen ari direla ikusten ari garelako eta era askotako entitateak egiten ari diren lanagatik zein konpromisoagatik": "Urte hauetan guztietan bidelagun izateaz gain, bide erakusle izaten ari zaretelako".

Euskara, bizi indarra

Zarautz herri euskalduna dela adierazi du Txurrukak, zehazki, biztanlegoaren %70a dela euskalduna. "Baina geroz eta euskaldunagoa izatea nahiko genuke, eta halaxe izango da urte batzuren buruan euskararen normalizazioaren alde jarraitzen badugu behintzat". Hala ere, euskara jakitea ez dela "nahikoa": "Ezinbestekoa da euskara bizi indarra izatea, eta horretarako erabili egin behar da: edozein unetan, edozein tokitan, edozein jardueratan euskaraz egiteko aukera izatea oso garrantzitsua da. Euskararik onena egiten duguna baita".
 
Adierazi du merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreak "pisu handia" duela udalerrian, eta "argi dago euskarak bere tokia izan behar duela bertan". Udalak bide horretan ahalegintzen ari direnei laguntzen jarraituko duela adierazi du alkateak.

Nekane Iribar Euskara zinegotziak bat egin du alkatearekin: "Zarautz udalerri garrantzitsua iruditzen zaigu euskararen normalkuntzaren bidean. Herri turistikoa izan arren eta biztanlegoak gora egin badu ere, azken 20 urteotan mantendu egin da euskaldunen kopurua eta baita euskararen erabilerarena ere. Horrek esan nahi du herritarren artean badagoela euskarari eusteko gogoa eta ilusioa". Bide horretan haratago joan behar dela gaineratu du, eta guztion konpromisoa "beharrezkoa" dela.