Mende batzuk atzera

Zarauzko Hitza 2017ko abe. 5a, 10:10
Hilaren 10era arte egongo da zabalik azoka. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Erdi Aroko Azoka izango da gaur arratsaldetik hasi eta igandera bitartean  .Askotariko produktuen postuez gain, ekitaldi ugari antolatu dituzte adin guztietako herritar eta bisitarientzat

Duela gizaldi batzuetako agertoki bilakatuko da Zarautz jaiegunotan: aztiz, juglarez, bufoiz, goliardoz... Beteko dira kaleak. La fragua de Vulcano elkarteak antolatuta eta Zarauzko Udalak babestuta, Erdi Aroko Azoka izango da gaurtik hasi eta hilaren 10era, igandera, bitartean. Urtero legez, askotariko produktuen postuak jarriko dituzte Alde Zaharreko hainbat txokotan. Zehazki, Torre Luzeako parean, Musika plazan, Kale Nagusian, Lege Zaharren enparantzan, Erriberazahar kalean eta Iturribide kalean jarriko dituzte postuak, ehun bat, guztira.

Horien artean batzuk Zarauzko denda eta artisau batzuei dagozkioenak izango dira.
Era berean, Zarauzko Kirol Elkarteko Eskubaloi sailak eta Badok 13 Zarautz Arraun Elkarteko beterano taldeak pare bat postu jarriko dituzte, bertaratzen direnei jatekoa eta edatekoa eskaintzeko.

Askotariko ekitaldiak

«Azokak xarma handia du eta jende asko erakartzen du Zarautzera urtero», nabarmendu du Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagak. «Askotariko produktuak eta ekitaldiak eskaintzen ditu adin guztietako herritar nahiz bisitarientzat. Horregatik, jendea kalera ateratzeko aitzakia bikaina dela uste dugu», dio.

Ildo horretatik, azoka biribiltzeko, askotariko ekitaldiak antolatu dituzte: musika animazioa, magia eta malabarismo ikuskizunak, ipuin kontalariak, antzezlanak eta bestelako emanaldiak.  Helduek ez ezik, haurrek ere izango dute zer gozatua. Iaz, berrikuntza gisa, Torre Luzeako parkean atondu zuten etxeko txikienentzat gune berezia eta, izandako «arrakasta» ikusita, aurten ere txoko hori atontzea erabaki dute antolatzaileek.

Gaur zabalduko dute Erdi Aroko azoka, 17:00etan. Ordu eta erdi geroago, 18:30ean, berriz, irekiera ekitaldia izango da Lege Zaharren enparantzan, emanaldi berezi batekin. Hala, igandera bitartean, egun osoan zehar —11:00etatik 23:00etara— egongo da zabalik azoka, azken egun horretan izan ezik. Igandean lehenago itxiko dute, 21:00etan, zehazki.

Erlazionatuak