“Ohore handia da herriko festetan omenaldia jasotzea”

Maria Maya Manterola 2017ko abe. 5a, 11:06

Amenabar eskubaloi taldeko jokalari Mikel Amilibia oriotarra omenduko dute gaur, Orioko San Nikolas jaien hasieran. Berarentzat ez ezik, hura lagundu eta babestu duten guztientzako omenaldia izango dela aitortu du.

Omenaldia jasoko duzu deiadarrean. Nola jaso zenuen albistea?
Zerbait entzun nuen kalean.  Hala ere, albistea gurasoek eman zidaten, jaietako batzordeko baten bidez jakin zuten.

Zer esan nahi du zuretzat herrian omenaldi hori jasotzeak?
Ohore handia da herriko festetan omendua izatea. Beste edozein omenaldi baino bereziagoa izango da niretzat. Jaiak hasi aurretik, gainera… polita izango da, seguru.

Egindako lan pertsonalaren aitortza bat dela esango zenuke?
Bai. Honen atzean lan izugarria dago, eta ez nirea soilik: lagunak hor izan ditut, familia, taldekoak… Ni omenduko naute, baina guztientzako omenaldia izango dela sentituko dut. Egia da eskubaloi selekzioarekin ni joan nintzela eta nik jokatu nuela, baina horren atzean jende askoren babesa eta laguntza dago. Hori gabe ez litzateke posible izango.

Abuztuan munduko eskubaloi txapelketako finala jokatu zenuen Georgian, eta finalera iritsi arte, partida denak irabazi zenituzten. Nolakoa izan da horren ondoren denboraldi berriaren hasiera?
Ondoren bi aste izan nituen jai. Berriz hasi ginen denboraldi-aurrekoarekin, eta ligako lehenengo partidan omenaldia jaso genuen. Denboraldia ondo hasi genuen, partido asko irabazten. Nahiko hilabete onak izan dira.

Erronkarik jarri duzu denboraldi honetarako?
Bai. Zarauzko Amenabar taldean nagoen bigarren urtea da, eta aurrerapauso bat eman nahi dut. Taldearen aurrean erantzukizunak hartu nahiko nituzke, batez ere partidetan erasotzen ari garenean. Erreferente izan nahiko nuke horretan.

Kirolaria izan arren, herriko jaiez gozatzeko beta hartuko duzu…
Bai, noski, hartuta daukat tartea. Kirolaria izan arren, parranda egin behar da… Ostegunean kanpora goaz, asteburuan Lanzaroten jokatzen dugu. Hala ere, jaietako bi edo hiru egun aprobetxatuko ditut.

Erlazionatuak

Ezin izan dute Frantziarekin

Zarauzko Hitza 2017 abu 20 Zarautz