Mariren bizitza kontatzen duen liburua osatu du Xabier Alberdik

Izaskun Urbieta 2017ko abe. 6a, 11:29
Aurkezpen ekitaldian ezkerretik eskuinera: Carballo, Iraola, Azkarate eta Alberdi. (Izaskun Urbieta)

Jose Maria Zubia Mari-ren heriotzaren 150. urteurrenari lotuta, hari buruzko lana egin dute zarauztarrak eta Jabier Carballo zumaiarrak. Abenduaren 19an Zumaian aurkeztuko dute.

Jose Mari Zubia Mariri buruzko liburua aurkeztu zuten astelehenean Donostian. Xabier Alberdi eta Jabier Carballo liburuaren egileek, Miren Azkarate Donostiako Udaleko zinegotziak eta Jon Iraola Zumaiako Udaleko zinegotziak parte hartu zuten aurkezpen ekitaldian. “Mari nire umetako Donostiako paisaian beti ezagutu dudan pertsona bat izan da. Alderdi Eder, Urgull eta kaia nire eguneroko paisaia ziren, eta Mariren estatua beti egon zen presente. Aitortu behar dut, hala ere, zumaiarra zela jakitea sorpresa izan dela”, azaldu zuen Azkaratek.

Mari 1809an Zumaian jaio zen itsasgizon trebea izan zen. 9 urterekin hasi zen arrantzan aitaren ontzian. 1830ean, berriz, Amerikan merkataritzan zebiltzan ontzietan hasi zen lanean. Garai hartan, arriskuan zeudenak salbatzeko bere bizia arriskatzeko prest azaldu izan zen.

Lehenengo salbamendua 1861eko uztailaren 13an egin zuen, Urgulleko haitzetan. “Bera patroi zela, bederatzi gizonekin joan zen, orduan arrantzale batzuk salbatzea lortu zuten. Ordutik, heroi baten gisa hasi ziren tratatzen Donostian. Bere kasua, ordea, bitxia da. Izan ere, propio joaten zen arriskuan zeudenak salbatzera”, azpimarratu du Carballok.

Salbamenduan heriotza

Iaz bete ziren 150 urte Mari hil zela, eta Zumaia zein Donostiako udalek ekintza eta ekitaldi bereziak egin zituzten. Zumaian, esaterako, bere irudia zaharberritu eta omenaldia egin zioten iazko uztailean. “Bere epopeia 1866ko urtarrilaren 9an gertatu zen, itsasgizon batzuk salbatzera joan eta bertan hil zenean”, kontatu du Alberdik. Egun hartan, ekaitzak harrapatutako Getariako bi itsasontzi itsas bazterreratzen hasi ziren. Bat Pasaiako portuko sarreran hondoratu zen, eta bestea, hain zuzen ere, Donostiako badian. Azken ontzi horretako arrantzaleak salbatzeko asmoz irten zen Mari bere kideekin, baina lehertutako olatu batek irauli egin zuen bere ontzia. “Donostiara etorri aurretik, Zumaian atoian jardutea zen bere ofizioa. Garai hartan belaontziak ziren eta ez zuten motorrik. Beraz, portura sartzeko atoien laguntza behar izaten zuten. Hala, Zumaiako barra arriskutsuan garatu zuen arriskuan zeudenak salbatzeko joera hori”, nabarmendu du Alberdik.

Salbamenduko saiakera batean hil zen Mari, eta horrek bere inguruan hainbat mito sortu ditu. Liburuaren egileek Mariri buruz idatzita dagoen guztia bildu eta aztertu nahi izan dute. “Zer izan daitekeen benetakoa eta zer mitoa bereizten saiatu gara. Horretarako, jatorrizko dokumentazioarekin alderatu dugu”, azaldu dute Alberdik eta Carballok.

Transmisioa

“1866ko urtarrilaren 9ko ekintza heroikoaz gainera, Mariren figurak zenbait balore transmititu ditu. Adibidez, horren ondoren, itsas salbamenduetarako batzordea eratu zuten Donostian, eta orain, Maroko eta Espainia bereizten dituen itsasartean laguntzen ari diren Donostiako eta Sevillako bi elkartek Aita Mari Itsas Salbamendua elkartea sortu dute”, esan du Carballok.

Azkarateren iritziz, Marik erakutsi zuen eskuzabaltasuna eta besteei laguntzeko grin hori egungo gizarteak behar duen ezinbesteko balorea da. “Kultura arloan gauza berriak sortzeko eta zabaltzeko eginkizuna daukagu. Baina, horien artean badugu gure herrian izan diren pertsonen testigantza belaunaldi berriei pasatzeko ardura ere. Horrelako ekintza handiak eta gogoangarriak egin dituzten pertsona horiek kontuan eduki behar ditugu, eta ondorengo belaunaldiei beraien lana, testigantza eta balioak transmititu”.

Hilaren 19an, 19:00etan, Zumaiako Oxford aretoan aurkeztuko dute egileek Mari liburua. 12 euroan liburua erosteko aukerra egongo da bertan.