«Askotariko sentipenak ateratzeko beharra izan du abiapuntu diskoak»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko abe. 7a, 10:14
Xabier Zabala, grabazioan. (Xabier Lertxundi)

‘Brisa’ bakarkako lehenbiziko diskoa kaleratu berri du Xabier Zabalak, azken hogei urteotako sentimendu pertsonaletatik nahiz orokorragoetatik abiatuta sortu dituen hamabi abestiekin.

1997an ekoitzi zuen lehenbiziko lana Xabier Zabalak (Zarautz, 1967)–Haur-jolasen abestiak diskoa Hik Hasirentzat–, eta ordutik ez da gelditu. Hogei urteotan besteentzat 30 lanetik gora sortu ditu. Bi hamarkada bete diren honetan, bere lehenbiziko bakarkako diskoa kaleratu berri du musikariak, Brisa izenburupean. Urteotan gordetako lanak bildu ditu bertan, «beharrak edo gogoak bultzatuta» sortutakoak. Urquia dendan dago salgai.

Azken urteotan, besteak beste, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin jardun duzu lanean, haientzat abestiak sortzen. Musika dinamikoa eta jai girokoa izan da. Bakarkako lan honekin, berriz, bestelako proposamen batekin zatoz.
Nik egin ditudan lan guztiak, nahiz eta besteentzat sortu, beti sentitu ditut nire. Lan bat sortzeko eskatzen dizutenean, bestearen lekuan jarri behar duzu. Pailazoen kasuan, ikuslearen azalean jarri behar izaten dut irudikatzeko zer musika entzun nahiko lukeen, nolakoa beharko lukeen izan ikusi nahi duen ikuskizuna.
Kasu honetan, Brisa pertsonalagoa da. Bakarkako disko honen abiapuntua bestelakoa da: kasu batzuetan momentu pertsonal batek eta beste batzuetan orokorrago batek sentiarazitakoa azaleratu nahia, hain zuzen ere. Estudioan eseri eta duzun eguna eta beharra kontuan izanda, hori da konposatzen eta grabatzen duzuna. Horregatik, konposizioa terapia handia dago horren atzean. Azken finean, musikariok dugun hizkuntza musika da. Noten, harmonien eta akordeen bidez transmititzen duzu nahi duzuna.

Ez da lehenbiziko aldia new age musika sortzen duzuna. 2000. urtean Mikel Platerorekin batera, Uhera taldearekin, diskoa kaleratu zenuen. Bide horretatik al doa disko hau?
Bai, azkenenan musika deskribatzailea da. Uherarekin ez zen hain pertsonala, bion artean egin genuelako, baina bai, esan dezakegu bide beretik doala.

Brisa izenburua jarri diozu. Uherarekin kaleratutakoari, berriz, Itsas ertzean. Zure lanetan beti itsasoa presente duzula dirudi. Hori al da zeure inspirazio iturria?
Musikariok, oro har, ez dugu zalantzarik izaten lan bat ontzerakoan. Musikaren munduan murgilduta gauden bitartean, ez dugu izaten inolako dudarik. Baina hasten zarenean izenburuekin eta bestelakoekin pentsatzen... Hor sortzen dira zalantza guztiak. Egia esan, izenburu asko pentsatu nituen, baina Brisa bururatu zitzaidanean zera pentsatu nuen: «Begira zein izenburu polita, euskaraz eta gaztelaniaz modu berean esaten da. Itsasoko brisaz gain, mendikoa ere bada...».

Normalean, inspiratzeko baino, oxigenatzeko joaten naiz kostaldera paseatzera. Oxigeno hori lotuta dago brisarekin; beti izan dut lagun. Pentsatu nuen oso ongi adierazten zuela barruan dagoena.

Ildo horretatik, aurrerapen gisa, Itsasontzia abestia kaleratu duzu.
Itsasontzia abestia sortu nuen  egun eguzkitsu batean, paseatzen ari nintzela. Getariako portutik itsasontziak ateratzen ikusi nituen, kaioak zituzten inguruan... Eta iruditu zitzaidan irudi oso idilikoa zela. Baina, aldi berean, pentsatu nuen beti egongo dela kezka bat horren atzean, itsasora irteten zarela eta portura iritsi arte gerta daitekeenaren inguruan. Hori guztia koktelontzi batean sartu eta hala sortu nuen kanta.

Hamabi konposizio bildu dituzu disko berri honetan. Zure biltegi pertsonalean gordetakoak dira denak, ezta?
Bai, hori da. Orain eskaera gehiago izaten ditut eta ez dut denbora gehiegi izaten aginduzko lanez haratago sortzeko. Aurrez, denbora gehiago nuenean egindako abestiak kaxoian sartzen joan naiz apurka-apurka, eta pentsatu nuen polita litzatekeela orain guztiak berreskuratu eta kaleratzea.

Hala ere, badago eskaera batetik datorren abesti bat. Parking izeneko filmeko soinu bandarako sortu nuen abesti nagusia da. Ez zegoen inon argitaratuta, eta pentsatu nuen ongi legokeela abesti hori ere gehitzea, zentzua bazuelako.

Zergatik orain?
Gure lanean mekanika batean gaude sartuta, eta besteentzat zenbait lan egin behar dituzu. Zentzu horretan, zorteduna naizela uste dut. Beste zenbaiti agian ez zaie gustatuko askotariko lanak egitea, baina niri bai; erronka gisa hartzen dut. Asko ikasten baituzu eta bizirik sentitzen baitzara.  Brisa diskoan jaso ditudan hainbat abesti jo izan ditut zuzenean, eta jendeak behin baino gehiagotan galdetu izan dit horiek grabatzeko asmorik ba al dudan. Hogei urte beteta, uste dut momentu eta aitzaki polita dela disko hau kaleratzeko.

Aldaketa asko egin behar izan al dizkiezu jatorriko abestiei?
Beste hainbat lanekin alderatuta, ez. Nahiko intimoa da alde horretatik. Abesti batzuk badira besteak baino moldaketa gehiago behar izan dituztenak, beste batzuk pianoarekin eta sokekin soilik moldatu ditut, beste batzuk elektronikoagoak dira... Nik uste dut denetarik dagoela zentzu horretan. Abesti guztiak berriz hartu, forma eman eta berriz grabatu ditut, baina esentzia hasierako bera da.

Izenburu iradokitzaileak jarri dizkiezu kantei: Bakarrik, Joan zinen, Egunsentia... ilunabarra, Esperantza, besteak beste. Melodiak ere halakoak al dira?
Nik uste dut izenburuek aurreratzen dutela zer-nolakoak diren abestiak. Salbuespenak badaude, hitzak entzutean bestelakoa dela ikus daitekeelako. Baina bai, oro har, adierazgarriak dira.  

Horien artean, bat data bat da:  1989/XI/09. Zeri egiten dio erreferentzia?
Jende askok galdetu dit horri buruz, pentsatuz zerbait pertsonala dela, baina ez, zentzu orokorragoa du. Nazioarte mailan izandako gertaera batekin dago lotuta. Pentsatu nuen izenburua jarri beharrean, politagoa zela data jarri eta jendea Interneten begira jartzea, egun horretan zer gertatu zen jakiteko.

Su oso geldoan egindako lana dela diozu. Hogei urtean gordetako lanak izanda, hala behar zuen diskoak, ezta?
Bai, hori da. Hogei urte hauetan sentitu ditudan gauzak hala lantzea eskatzen zuten. Abesti horiek berreskuratu, behin eta berriz entzun...  Gainera eskertzen da horretarako aukera izatea. Izan ere, normalean eskaerak jasotzen ditugunean, ez dugu horretarako aukera izaten. Izan ere, deitzen dizute eta atzorako eskatzen dizute.

Mekanika horretan sartuta zaudenean, beraz, eskertzen da gauzak lasai-lasai hartu ahal izatea. Hala, guztia berreskuratzen eta diskoa osatzen hasi nintzenetik gutxi gorabehera urte eta erdi-bi urte pasatu dira.

Nolakoa izan da grabazio prozesua?
Nik neuk grabatu dut neure estudioan, Hautsi Recordsen zigilupean. Gero, nahasketak Elkar-eko estudioan egin ditut Victor Sanchezekin, eta azken prozesua, masterizazioa deitzen dena, Los Angeleseko (Kalifornia, AEB) After Hours estudioan. Bizitza halako kasualitatez beteta dago. Agian beste une batean egin banu, ez nuke aukera hori izango, baina izan nuen eta gustura nago.

Diskoa aurkezteko zuzenekorik aurreikusi al duzu?
Momentuz ez, ez dut pentsatu. Su geldoan egin dut diskoa eta kontzertuen antolaketa ere modu horretan egin nahi dut. Utziko diogu diskoari bere bidea egiten, jendeak barnera dezan. Aurrerago egingo dut; izan ere, diskoa zuzenekoetara eramatea konplexua izango dela uste dut. Baina pausoz pauso izango da hori, lasaiago hartuta.