Utzi du, baina ez du utzi

Gorka Erostarbe Leunda / Berria.eus 2017ko abe. 7a, 11:27
Anjel Lertxundi, Durangoko Azokan (@amenagoiko).
Anjel Lertxundik ia hamabost urtean idatzitako zutabeen bilduma hautatua jaso du 'Hitz Beste 2003-2017' liburuan. Ehundik gora zutabe bildu ditu, ilustrazioz hornituta. Berria.eus-ek eman du argitara albistea.

Utzi du, baina ez du utzi. Utzi dio egunero Hitz beste izeneko zutabeak idazteari Berrian. Baina erabat ez dio utzi, ezin utzi. Apirilean idatzi zuen azken zutabea, baina oraindik ere «deskonpresio prozesu batean» dago. «Gaur Durangoko Azokara etorri, eta hiru bat zutabe banerabiltzan buruan. Hori oso polita da batetik, baina baita nekagarria ere». Atzoko egunaz ari da Anjel Lertxundi idazlea. Durangoko Azokan aurkeztu baitzuen Hitz Beste. 2003-2017 liburua (Berria), hamalau urtetan ia egunero —astean sei aldiz— idatzitako 4.000 zutabeen antologia.

Hilabeteak igaro dira, baina ezin erabat utzi zutabegile izateari. Hain zituen bereganatuak zenbait mekanismo, hain gorpuztuak zenbait joera, zenbait egiteko, zenbait ariketa. «Normalean, hurrengo egunean zer egingo nuen jakin gabe oheratzen nintzen. Gaueko 04:00ak aldera esnatu sarri, eta burubueltaka hasten nintzen, zer idatziko. Goizean jaiki orduko, hiru egunkari desberdin irakurtzen nituen, eta, puntua topatzen nuenean, orduantxe idazten nuen». Horrela egunero-egunero, 14 urtez.

Bere buruari ezarri baitzion hasiera-hasieratik diziplina hori. «Egunkari batek eguneroko erritmo eta urduritasun bati erantzun behar dio, eta nik ere erritmo eta urduritasun hori bera izan behar nituela erabaki nuen».

Jarraitu albistea irakurtzen Berria.eus atarian.