Urtarrilaren 9an abiatuko dute Zarauzko Ikurrina Mus Txapelketa

Zarauzko Hitza 2017ko abe. 10a, 10:00
Zarauzko ikurribaren iazko finala, Kulixkan (Aritz Mutiozabal).

Izena emateko epea dagoeneko irekita dago, eta txapelketa jokatuko den tabernetan egin daiteke, bikoteko 80 euro ordainduta. Urtero bezala, 6.000 euro bereganatuko ditu bikote irabazleak.

Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak antolatuta, Zarauzko Ikurrina Mus Txapelketaren edizio berri bat jokatuko dute urte hasieratik aurrrera. Urtarrilaren 9an hasiko da, eta partidak ostegunero eta astearte batzuetan jokatuko dituzte, 20:45etik aurrera, ondorengo tabernetan: Joe, Itxaski, Euskalduna, Itxas Lur, Xoxoa, Euromar, Karlos Argiñano, Iruña eta Txiki Polit.

Hiru hilabete iraungo ditu lehiak, eta finala martxoaren 16an egingo dute Kulixka jatetxean. Ohi bezala, sari potoloak banatuko dituzte: bikote txapeldunak 6.000 euroko saria irabaziko du; mila euro bigarren sailkatuak; 500 euro, hirugarrenak; eta 250 euro, laugarrenak. Era berean, lehen 40 bikoteentzat sariak izango dira, eta sari berezia egongo da Zarauzko lehen bikotearentzat eta neskez osatutako lehen bikotearentzat.

Bikoteek dagoeneko izena eman dezakete txapelketa jokatuko den tabernetan, 80 euro ordainduta. Gutxienez 60 bikotek eman behar dute izena txapelketa jokatu ahal izateko. Iaz Jesus Mari Alkorta eta Mikel Kaperotxipi oriotarrak izan ziren garaile, finalean Xabier Aizpuru eta Javier Azpiazu Xarra azpeitiarrak mendean hartuta.