Sorlekutik agurtzera doaz

Maria Maya Manterola 2017ko abe. 13a, 10:12

Duela zortzi urte estreinakoz kontzertua eman zuten leku berean amaituko du Mor More musika taldeak bere ibilbidea, Putzuzulo gaztetxean. Ostiralean emango dute azken kontzertua, 22:30ean hasita.

"Etxean bezala" sentitzen dira Putzuzulon Andrea Lopetegi eta Jone Azkoaga musika taldeko partaide diren zarauztarrak, eta bertan amaitzea "berezia" izango da haientzat. Urte hauetan guztietan taldea gertutik jarraitu eta taldean eragina izan duen Nerea Altxu lagunak ostiraleko kontzertuan kolaboratuko duela aurreratu dute zarauztarrek.

Azkoagaren hitzetan, taldekideetako bakoitzak Mor More taldearen barruan "lekurik ez zuten formatuak" bilatzen zituzten. Aurrera egin nahi zuten baina ez modu berdinean, eta horregatik erabaki dute agur esatea. Lopetegik faseak amaitu egiten direla uste du, eta Mor Moreri ere bere amaiera iritsi zaiola dio: "Eskerrak ematen dizkiogu Mor Moreri erakutsi digunagatik, baina gauza batzuk amaitu egin behar dira, beste batzuk hasteko".

Urte hauetan musika taldea "topera" ibili da, eta kontzertu andana eman dituzte Euskal Herriko txokoetan. Geldialdi gutxi egin dituzte. Euskal Herrian ez ezik, beste zenbait lekutan ere eman ditu kontzertuak Mor Morek: apirilean, bira berezia egin zuten mediterraneoan zehar, eta Valentzian, Gironan eta Bartzelonan izan ziren.

Lopetegiren iritziz, taldeak "eboluzio handia" izan du hastapenetik.  Jotzeko era aldatu dute, eta jendea taldera gehitzen joan ahala, Mor More "betetzen" joan dela uste du. Jendea gehitzen joan den heinean, asko bete du Mor More jende berri horrek. Lopetegiren eta Azkoagaren arteko proiektu bat izatetik, Lierni Atxukarrorena eta Haritz Etxebarriarena izatera ere igaro da. Biolina eta kaxa gehitu zituzten taldera, eta zati instrumentalari garrantzi handiagoa eman zioten era horretan, Azkoagaren arabera. Musikalki asko aldatu da taldea. Baina zortzi urtean taldekideetako bakoitza ere asko aldatu da eta bizipen ezberdinak izan dituzte. "Horrek ere eragina izan du abestien sorkuntzan, sortzen genuena ere, gu aldatu garen bezalaxe, aldatzen joan delako".

Alabaina, Mor Morek ere izan du taldekideetako bakoitzarengan eragina.  "Motor" baten gisan definitu du Azkoagak: "Nire burua ezagutzen eta aurrera egiten lagundu didan motorra izan da Mor More. Ilusio handia izan dut urte hauetan guztietan taldearekin lotura duen edozer egiteko: kontzertuak eman, entseatu, abesti berriak sortu...".

Lopetegiri, aldiz, lagunarte bat eman dio Mor More taldeak. Sekula ez luke pentsatuko eszenatoki batera igotzeko gai izango zenik, baina horretarako ausardia izan dute. Bere hitzetan, "terapia bat" izan da bukatzear dagoen proiektu horren parte izatea.