Interesa dutenek aste honetatik aurrera egin daitezke Zarauzko Zikloturista Elkarteko bazkide edota lizentziak berritu ditzakete. Horretarako, kiroldegira joan beharko dute, Ciclos Eizagirre dendara, Ciclos Ibaiondora edota Iraeta Bizikletak dendara. Elkartetik txirrindularitza gustuko dutenak animatu dituzte, eta nabarmendu dute "garrantzitsua" dela federatuta egotea; batez ere, istripu baten aurrean seguru baten babesa izan dezaten. Era berean, jakinarazi dute bazkide berri bakoitzari 25 euroko bonoa emango diotela elkarteko maillota eskuratzeko.
100 bazkidek osatzen dute ZZE, adin guztietakoak eta beti "giro paregabean". Dena den, emakumeen parte hartzea sustatu nahi dute, "euskal errepideetan bizikletaz gero eta emakume gehiago ikusten diren arren, oarindik ere gutxi direlako".
Askotariko irteerak
Martxotik irailera, igandero, irteerak egiten dituzte zikloturistek Gipuzkoako askotariko txokoetara; horretarako, Azkoitia, Getaria, Orio, Zestoa eta Zumaiako zikloturisten laguntza jasotzen dute antolaketarako. Horrez gain, maiatzean zein ekainean Piriniotara, Nafarroara eta Errioxara irteerak egiten dituzte.
Zarautzi dagokionez, irailean Txirrindulari Txiki Eguna antolatu ohi dute, udalaren laguntzarekin eta Mugikortasun Astearen barruan. Bestalde, ZZE arduratzen da Zarautz-Zarautz Klasikoa antolatzeaz. 2018an maiatzaren 27an izango da Haimar Zubeldia izeneko proba. Elkarteko txirrindulariez gain, Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako 600 zikloturistek hartu ohi dute parte, eta Urola Kosta zein Goierrin barrena 152 kilometro egin ohi dituzte, Bidania, Larraitz, Mandubia eta Etumeta igoz. Urte hasieran zabalduko dute izena emateko epea, Kirol Probaken atarian.