Hotz-Zarautzek bigarren eskuko azoka zabalduko du Mazako lokalean

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko abe. 15a, 09:30
Larunbatetik urtarrilaren 5era egongo da zabalik azoka (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Larunbatetik urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik, Errege Egunaren bezperara arte, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara.

Gabonen atarian, askotariko elkartasun ekitaldiak antolatu dituzte herriko hainbat eragilek. Hotz-Zarautz da horietako bat. Hain zuzen ere, bigarren eskuko azoka zabalduko du bihar, Mazako lokalean (Kale Nagusia, 30). Udalak erosi du lokal hori Zarauzko Turismo Bulegoa bertan atontzeko, eta obrak hasi aurretik gobernuz kanpoko erakundeari utzi dio, Hotz Zarautz bera ezagutarazi eta askotariko objektuak sal ditzan errefuxiatuei laguntzen jarraitu ahal izateko. Horregatik, Hotz-Zarautzeko ordezkari Agate Burgañak adierazi du «oso gustura» daudela elkarteko kideak, kokapena «aparta» delako. «Espero dugu jende asko bertaratzea eta euren hondar alea jartzea», adierazi du.

Herritarrek zein askotariko dendek emandako materiala jarriko dute salgai bertan: arropa, altzariak, jostailuak, kirol materiala, apaingarriak... Era berean, gobernuz kanpoko erakundearen objektuak, Artezaleakeko artistek sortutako eskulanak, Siriako haurrek apaindutako katiluak eta eskuz egindako xaboiak  ere salduko dituzte. Hori biribiltzeko, hilaren 22rako eta 29rako txokolate jana antolatu dute.

Bigarren eskuko azoka urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik, Errege Egunaren bezperara arte, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Bildutako dirua errefuxiatuen aldeko lau proiektu hauetara bideratuko du Hotz-Zarautzek, ohi bezala: Cafe-Rits proiektura, Zaporeak proiektura, Salvamento Maritimo Humanitario elkartera eta En Red Sos Refugiadosera, hain zuzen ere.
 
Horrekin lotuta, Noraezean izeneko erakusketa ikusgai dago Lukas ardotegian, Hotz-Zarautzek antolatuta. Atzo inauguratu zuten Diego Montalbok eta Jose Marnerrek haur errefuxiatuei ateratako argazkiekin osatutako bilduma, eta urtarrilaren 7ra arte bisitatu ahalko da.