Urte berriarekin batera ekingo diete berriro ere Jabetze Eskolako ikastaroei. Guztira, ondorengo zortzi ikastaro hauek antolatu dituzte urtarrilaren 15etik maiatza bitartean: Desvelando los micromachismos, Oinarrizko konponketak: brikolajea eta pintura, Pasa un rato contigo, Zeregin eta denboraren kudeaketa, Ekonomia feminista, Maternidad: un asunto a negociar, Gorputz ikusezinak ikusten eta Autodefentsa.
Ikastaroetan izena emateko epea astelehenean irekiko dute, abenduaren 18an, eta 2018ko urtarrilaren 5era arte izango da. Horretarako hainbat bide daude aukera: Parekidetasun departamentuko blogean zuzenean, departamentuko bulegoetan (Zigordia kalea 33, 1. Solairua), telefonoz (943-00 51 17) edota berdintasuna@zarautz.eus helbidera idatzita. Plazak mugatuak dira, eta Zarautzen bizi diren emakumeek izango dute lehentasuna.
Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquezen esanetan, "emakumeek diskriminazio egoera jasaten dute emakume izateagatik, baita nberaien kontrako indarkeria ere". Horri aurre egiteko beharrezkotzat jotzen du emakumeek "beren gaitasuna garatzea" eta "indarrak berritzea" dagokion botereaz jabetzeko. "Prozesu horretan laguntzea da, hain zuzen ere, Jabetze eskolako helburu nagusia", nabarmendu du.
Jabetze Eskola emakumeek prestakuntza jasotzeko, hausnartzeko eta elkarrekin egoteko gune bat dela nabarmendu du Vazquezezk. "Bertan, emakumeek gaitasunak eskuratu eta garatuko dituzte, ahalduntze pertsonal eta kolektiboan aurrera egiteko. Bizitza modu autonomoan, indartsu eta konfiantzaz bizi izatea da ahalduntzea, erabakiak hartzeko eta aldaketa sozialean aktiboki parte hartzeko".