Sirventen egoeraren berri eman eta haren etxeratzea eskatzeko dinamika abiatu du Sarek

Zarauzko Hitza 2017ko abe. 16a, 10:00
Abenduaren 8ko espetxe birako irudi bat. (Zarauzko Sare)

Ekaitz 0 km dinamika aurkezteko batzarra antolatu dute asteazkenerako, hilaren 20rako, Zarautz Kirol Elkartearen egoitzan, 19:00etan.

"Poztu gara Ekhineren [Eizagirre] etorreraz. Hoztu gara Parisen, baina ozen esan dugu: orain presoak. Eta Zarautzen, itzulpen argia du horrek: orain Ekaitz". Ekaitz Sirventen egoeraren berri eman, salbuespen neurrien eta urruntzearen eraginak salatu zein haren etxeratzea eskatzeko, Zarauzko Sarekdinamika berria jarri du martxan: Ekaitz 0 km

Horretarako, Tarasconetik –bertan dago preso zarauztarra– Zarautzera dauden kilometro adina lagun bildu nahi dituzte, guztira, 672 pertsona. "Argazki bidez bidlurko ditugu atxikimenduak, errepideko kilomentro zenbakia irudikatzen duten seinaleekin:  672, 671, 670... 0 kilomentrora iritsi arte".

Ez dute epe muga zehatzik jarri kopuru hori lortzeko; aurrez, parte hartuko dute herritarrekin egon nahi dute, "argazki bat ateratzeko bakarrik ez, baita egoeraren inguruan hitz eta egin denon artean bidea zehazteko ere". Hori horrela, hainbat ekitaldi antolatu dituzte ikasturterako. Lehenik eta behin, abenduaren 20an, datorren asteazkenean, dinamika beraren aurkezpen batzarra egingo dute, Zarautz Kirol Elkartearen egoitzan, 19:00etan.

Era berean, postua jarriko dute kalean hilaren 23an eta 30ean zein urtarrilaren 6an. Halaber, eskuorriak banatuko dituzte asteburu honetatik aurrera, Sirventen egoeraren berri emateko asmoz. Urtarrilaren 6an, berriz, auto karabana izango da Asti kirolgunetik abiatuta, 12:00etan.

Urtarrilaren 13an "mugarri garrantzitsua" dutela diote. Hain zuzen ere, egun horretan egingo dute Bilbon euskal presoen aldeko ohiko manifestazioa, Prest gaude lelopean eta Sarek deituta. Zarauzko Sarek Ekaitz 0 km dinamikaren berri emango du bertan eta baita lehenbiziko atxikimenduak bildu ere. Jakinarazi dutenez, aurki emango dute bertaratzeko autobusen berri.

"Badago bidea"

2009ko apirilaren 10ean atxilotu zuten Sirvent, Parisen, eta zortzi urte daramatza preso. Guztira, 18 urteko zigorra ezarri zioten zarauztarrari, enpresariei iraultza zerga ordainarazten saiatzea egotzita. Tarasconen (Frantzia) dago orain, DPS–Détenu Particulièrement Signalé, frantsesezko siglak– estatusarekin. "Egunerokoan salbuespen neurriak ezartzea dakar horrek: besteak beste, baldintzapeko askatasunerako aukerarik eza", azaldu dute Zarauzko Saretik: "Neurri horiek ez ziren inoiz ezarri behar, eta inoiz baino zentzu gutxiago dute oraingo egoera politikoan".

Zarauztik 672 kilometrora dago Tarasconeko espetxea eta, Zarauzko Sareren arabera, "urruntzeak herriarenganako lotura zailtzen dio Ekaitzi": "Egoera politiko eta sozialaren berri izan eta parte hartzeko, ikasketetarako, harremanetarako... Eta Ekaitzi ez ezik, arrisku, neke, min eta gastu ugari eragiten die senide eta lagunei. Bisita bat egiteko 1.400 kilometro egin beharra, 14 orduko bidaia, 700 euroko gastua... Asteroko zigor erantsia". Jakinarazi dute Sirventek egina duela Euskal Herri inguruko kartzelatara aldatzeko eskaria, eta ez diotela "aintzat hartu".

"Euskal Herriak aurrera egin nahi du, bidean inor utzi gabe. Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Guztion artean eta guztiontzat. Eta, noski, euskal presoek ere parte hartu behar dute konponbide horretan, konponbidearen parte izan behar da", diote. "Bakegileek eta Ipar Euskal Herriko gizarteak erakutsi bezala, badago bidea, eta jendartea da bide horren motore. Euskal lurralde guztietan. Ahots batez jardun beharra dugu Paris eta Madril mugiarazteko: posible da, beharrezkoa da eta egin beharrekoa, berandu baino lehen". 

Erlazionatuak

Bideoa: Ekhine Eizagirreri harrera

Zarauzko hitza 2017 aza 15 Zarautz