Gazte Gabonak 2017 izeneko ekitaldi sorta antolatu du Haize Orratz gaztelekuak datozen jai egunetarako. Abenduaren 23tik hasi eta urtarrilaren 7a bitartean, herriko gazteentzat eskaintza zabala izango da, "denetarik eta denontzat". "Gure betiko asmoa izan da herriko gazte guztiei zuzendutako ekintzak antolatzea, aniztasuna bermatuz, guztiengana heltzeko", adierazi du Jon Andoni Urdangarin Urrutia Gazteria zinegotziak.
Gabonetako Nerabe Gunea 12-18 urte bitarteko gazteentzat egongo da zuzenduta, doakoa izango da eta bi egunetan zabalduko dute: hilaren 29an zein 30ean. Lehenbiziko egunean, txapak eta imanak egiteko tailerra eta puzgarriak izango dira. Bigarren egunean, berriz, 3D tailerra nahiz dardo eta bingo txapelketak. Kutrilloia ere antolatu dute, mahai futbola, billarra, mahai jokoak zein musika. 16:30etik 20:00etara zabalduko dute gunea.
"Gazteekin parte hartzea landu eta proposamen zaparradak jaso eta aztertu ostean", hiru irteera antolatu ditu Gazteria sailak: batetik, Ilargi Berdera 12 eta 14 urte bitartekoentzat, abenduaren 26rako; bestetik karting batera 15 eta 17 urte artekoentzat, abenduaren 27an, eta urtarrilaren 4tik 5era Belabaratzera gaua pasatzera.
Irteera horietan parte hartu nahi dutenek Gazte Informazio Bulegoan (Zigordia kalea, 34) eman beharko dute izena, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara.