Udal Gobernuak aurrekontuen inguruko EH Bilduren neurriak atzera bota izana salatu du koalizioak

Zarauzko Hitza 2017ko abe. 18a, 18:39
Hilaren 11eko udalbatzarreko irudi bat. (Aritz Mutiozabal)

Proposamenok atzera bota dituzten arren, koalizioak lanean jarraituko duela nabarmendu dute, "modu batera edo bestera zarauztarren alde eskaera hauek bideratzen".

Abenduaren 11eko ezohiko udalbatzarrean onartu zituzten behin behinean 2018ko aurrekontuak. Udal Gobernuaren babesarekin atera ziren aurrera; EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek kontra bozkatu zuten. EH Bilduk salatu du EAJk eta PSE-EEk ez zuela koalizioak proposatutako zuzenketa partzial "bat bera ere" onartu. "Gure zuzenketak herritarren kezka nagusietan oinarritu dira, hau da, Zarautzen bizi eta lan egin ahal izateko herritarrek dituzten zailtasunak ikusita, gure herrian bizi kalitate duin bat bermatuko duten neurriak proposatu ditugu".

Koalizioko ordezkariek aitortu dute Udal Gobernuaren aurrekontu proposamenean badaudela "gauza interesgarriak", besteak beste, "begi onez" ikusten dute "aurreko agintaldian bideratu eta jarraipena ematen zaien proiektuak": Alde Zaharra oinezkoentzat jartzen jarraitzea, Modelon egokitzapenak eta Azken Portu Goiko igogailua, kasu.

Dena den, gabeziak "handiak" direla diote. "Argi dugu aurrekontuetan dena hartu behar dela kontuan, bai dirua non eta nola erabiliko den baina baita diru hori nondik eta nola lortzen den ere". Hala, gogoratu dute EH Bilduk ez zituela ordenantza fiskalak babestu, ez duelako bat egiten Udal Gobernuak diru sarrerak lortzeko duen moduarekin.

Era berean, nabarmendu dute behin behinean onartutako aurrekontuek ez dietela zenbait proiektu estrategikori "eusten": etxebizitza hutsei irtenbide bat bilatzea, herri guztian gaikako edukiontziak jartzea, auzokonposta bultzatzea, etxez etxeko zerbitzuan hobekuntzak txertatzea, hizkuntza eskola abian jartzeko lanak hastea, Santa Klara komentua erosteko lehen pausoak ematea eta herriko elkarteek antolatutako ekitaldei bultzada handiagoa ematea, esaterako.

Koalizioak sei arlotan multzokotu ditu EAJren eta PSE-EEren aurrekontu proposamenaren harira egindako zuzenketa partzialak. Guztira, milioi bat inguruko aldaketak proposatu dituzte. Hona hemen, puntuz puntu:

  • Etxebizitza. Erabilera urria duten etxeak alokairura bideratzeko 250.000 euroko diru partida sortzea proposatu dute. 2016an alor horretarako diru partiak ez zutela "funtzionatu" argudiatu dute, herritarrei ez zitzaielako "behar bezala" horren berri eman. Horrenbestez, "beharrezkotzat" jo dute horren inguruko kontzientziazio lana egitea eta kanpaina horretarako 5.000 euro bideratzea proposatu dute. 
  • Enplegua. Emakumeen laneratzea laguntzeko laguntzeko diru laguntza 50.000 euroko lerro berria proposatu dute, zehazki, enplegu egonkorra–epe luzeko kontratazioak– oinarrituko dena. Zentzu horretan, "Zarauzko Udaletik 2015ean martxan jarri eta ondoren UKUEtik lan egonkor eta duinak sustatzeko ematen hasitako laguntzetan beste jauzi bat" proposatu dute. "Modu positiboan baloratu dira orain arteko laguntzak eta, bide horretan, emakumeak laneratzeko eta parekidetasunean sakontzeko beste neurri bat da honakoa".
  • Ingurumena. UKUEk otsailean abian jarriko dute hondakinen bilketa sistema berriari jarraipen egokia egiteko, EH Bilduren ustez lau hezitzaile kontratatzea ez da "nahikoa". Koalizioaren arabera, beste sei beharko lirateke. Horretarako, hezitzaile gehiago kontratatu ahal izateko, udal elkarteari 106.000 euro gehiago bideratzeko eskatu diote. Gogoratu dute kostako bost herriek egindako ekarpenekin osatuko lukeela UKUEk diru partida hori, sistema aldaketarekin batera udal elkarteak izango duelako horretarako eskumena. 
    Bestalde, zenbait gabezia ere badirela jakinarazi du EH Bilduk: auzo konpostarekin lotutako zerbitzu batzuekin, sentsibilizazio arloan zein zalantzak argitzeari dagokionez, kasu. Gabezia horiek asetzeko "ahalegin gehiago" egiteko proposatu dute. Horrekin batera, kaleko edukiontziak gaika banatzeko aukeran sakontzeko eskatu dute eta baita eremu berriak erosteko partida funtsa sortzeko ere, udal lurzoru funtsa indartzeko eta eraztun berde urdinaren partidaren gehigarri.

  • Gizarte Zerbitzuak. Etxez etxeko laguntzen arloan hobekuntzak txertatzea "ezinbestekoa" dela iritzi diote, eta UKUEren eskumeneko zerbitzuei bultzada emateko ere partida indartzeko eskatu dute. 
  • Kultura eta hezkuntza. Santa Klarako komentuak herriarena izan behar duela adierazi dute, hala jaso dutela herritarekin egindako parte hartze prozesuko bileretan. Hori erosteko, momentuz, 98.000 euroko partida gordetzeko proposatu dute.  Halaber, Zarauzko "altxorra" herritarrak direla nabarmendu du EH Bilduk eta, horregatik, eurek antolatutako jaiak eta ekimenak babestu behar direla eta lehentasuna eman behar zaiela. Hala, herriko jai eta jarduerak bultzatzeko partida handitzeko eskatu dute: 42.000 euro gehiago bideratzea horretara. Guztira, 70.000 euro bideratuko lirateke alor horretara. 
    "Aspaldiko" eskakizun bati erantzuteko ere galdegin dute: Hezkuntza sailak eskualdean Hizkuntza Eskola martxan jartzeko, alegia. Horren proiektua egiteko 20.000 euroko partida eskatu dute.

  • Bizikidetza. "1936ko altxamenduaren ondoren urteen datu lanketa eta zabalpena egiten hasi den arren, udalaren laguntza gorabeheratsuarekin, orduz geroztik egondako eskubide urraketa guztien datu bilketa egitea proposatu du, dokumentazio lan ahalik eta zabalena", diote. Era berean, programa bat martxan jartzeko proposatu dute, "eskubide urraketa hauek herritarrengan eragindakoak eta horien inguruko bizipenak azaldu, trukatu eta, posible balitz, hautsitako zubiak laguntzeko".
     

Proposamenok atzera bota dituzten arren, koalizioak lanean jarraituko duela nabarmendu dute, "modu batera edo bestera zarauztarren alde eskaera hauek bideratzen".