Salberdin urbanizatzeko proiektua onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak

Zarauzko Hitza 2017ko abe. 20a, 09:00
Xabier Txurrukaren arabera, negu honetan jarraituko dute Salberdingo eraisketa lanekin. (Aritz Mutiozabal)

Jendaurrean jarriko dituzte urbanizazio proiektua, proiektuak ingurumenean izan dezaken eraginaren inguruko azterlana eta ibilgailuak sotoetara sartzeko ordenantza osagarria.

2018an Salberdingo obrak martxan jartzeko «funtsezko» pausoa eman dute: eremu horretako urbanizazio proiektua onartu du Zarauzko Tokiko Gobernu Batzarrak. Astelehenean eman zion hasierako onespena, eta Xabier Txurruka alkateak adierazi duenez, proiektu horrek Salberdinen egin beharreko obrak definitzen ditu, «antolamenduaren plan berezian eta urbanizatzeko jarduketa programan jasotako aurreikuspenak garatuz».

Hala, obren kontratuaren aurrekontua «garrantzitsua» dela nabarmendu du; 14,4 milioi euro ingurukoa (BEZ gabe), hain zuzen ere. Urbanizazio proiektua behin-behinean onartuta, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute proiektua bera,  baita horrek ingurumenean izan dezakeen eraginaren inguruko azterlana ere. Behin GAOn argitaratuta,  30 eguneko epean jendaurrean jarriko dute, interesa dutenek alegaziorik egin nahi izanez gero horretarako aukera izan dezaten.

Salberdingo urbanizazio proiektuaz gain, ibilgailuak sotoetan sartzeko ordenantza osagarria ere onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak behin-behinean. Bertan hainbat arau eta baldintza zehaztu dituzte, ondoko irizpideak jarraituz: oinezkoen segurtasuna eta mugikortasuna hobetzea nahiz galduko diren espazio libreen ordainetan portxeak handitzea, kasu. Ordenantza hori 20 egunez egongo da jendaurrean, GAOn argitaratu ondoren.

Urbanizazio lanak, udan

Salberdin, Aldapetarekin batera, Zarauzko etxebizitza arazoari erantzuna ematen hasteko «garapen estrategikoa» dela dio Txurrukak. Zentzu horretan, agintaldi honetan 190 etxebizitza babestu eraikitzen hasteko konpromisoa hartu zuten, 2016-2019 arteko Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Udal Planean jaso bezala: Salberdinen 140 etxe, eta Aldapetan 50 etxe, horietatik 20 babes ofizialekoak eta beste 30 tasatuak. Horiez gain, «gutxienez, beste hainbeste» salmenta libre etxebizitza eraikiko dituzte Salberdinen. Alokairura, berriz, beste 60 etxebizitza bideratuko dituzte; uztaileko osoko bilkuran onartu zuten aho batez Eusko Jaurlaritzak etxebizitzok sustatu eta eraikitzeko hitzarmena.  

Era berean, udala eta jaurlaritza akordioa batera heldu dira Salberdinen alokairurako 60 bat etxebizitza eraikitzeko. Udalak doan emango dio eremu horretako partzela bat, jaurlaritzak zuzkidura bizitokiak eraiki ditzan. Hori datorren udaberritik aurrera izango dela aurreikusi dute, hain justu, birpartzelazio proiektua behin betiko onartu eta udalak partzelako titulartasuna eskuratzen duenean.  

Urrats horiek «garrantzitsuak» dira alkatearen iritziz: «Negu honetan Salberdinen erabiltzen ez diren pabilioien eraisketarekin jarraituko dute. Onartzeko dauden eraisketak udaberrian sinatzea espero dugu, babes ofizialeko etxeen lehen sustapena zozkatu ahal izateko eta urbanizazio obrekin datorren udan hasteko».