Euskal Jaiak birpentsatzeko galdetegi bat prestatu du Zarauzko Euskalzaleen Topaguneak

Zarauzko Hitza 2017ko abe. 21a, 14:17
Zarauzko Euskalzaleen Topagunea.

Sarean erantzun daiteke galdetegia, eta jasotako erantzunekin proposamen bateratu bat osatu eta udalarekin elkartu nahi dute.

Zarauzko euskararen erabilerari bultzada bat emate aldera, Zarauzko Euskaltzaleen Topagunea sortu dute. Euskararen erabilera herrian areagotzea dute helburu. Izan ere, "Zarautzen euskara %80ak jakin eta %50ak bakarrik erabiltzeak edo erdaldunak (edo ustez erdaldunak direnak) inguruan dabiltzanean hartzen dugun erdararako joera bezalako gaiek kezkatzen gaituzte". Hori horrela, ekimen ezberdinak aurrera eramateko asmoa dute, eta lehenengoa Zarauzko Euskal Astea birplanteatzea izango dute.

"Astean zehar programazio murritza dagoela, ez zaiola Euskal kulturari eta euskarari behar bezalako garrantzia ematen, Euskal Jaia parrandarako eguna bihurtuta dagoela... halako sentipenak ditugu eta buelta eman nahi diogu", adierazi dute topagunetik. Horretarako, herritarrei zuzendutako galdetegi bat prestatu dute sarean, Euskal Asteko zenbait ekitaldiren inguruko iritziak eta proposamenak jasotzeko.

Erantzunak bildutakoan, proposamen bateratu bat osatuko dute eta udalarekin biltzeko asmoa dute 2018ko Euskal Astearen programazioa osatzeko. "Erreferente izango den Euskal Aste parte hartzailea nahi dugu, euskarari eta Euskal kulturari bultzada emango diona eta ahalik eta programazio zabalena eskainiko duena".