Argiztapen sare berria ari dira jartzen Urtetan

Zarauzko Hitza 2017ko abe. 22a, 11:32
Iban San Martin zinegotzia, Urtetan.

Orain arteko argiteria LED teknologiadunarengatik ordezkatuko dute, eta orain arte argiztatutako gune batzuetan jarriko dituzte argiak.

Obra eta Zerbitzuetako sailak martxan du aurrezpen energetikorako plan berezia, eta partida bat du gordeta orain arteko argiteria energetikoki eraginkorragoa denarekin ordezkatzeko. Horren barruan, argiztapen sare berria jartzen hasi dira Urteta auzoan. Iban San Martin Obra Txiki eta Zerbitzuetako zinegotziak zehaztu ditu bertan aurreikusitako esku hartzeak: "Alde batetik, Eliz-Mendi elkartearen aurreko espaloian eta ondoko plazan LED teknologia bidezko argigailuak jarriko ditugu. Orain arte argiztatu gabe zeuden espazioak dira eta bertako bizilagunek askotan helarazi digute hainbeste erabiltzen dituzten espazio hauek argiztatzeko dagoen beharra. Beste aldetik, elkartearen kanpoan eta frontoi inguruan aurretik zeuden kaleargi guztiak LED teknologia bidezkoengatik ordezkatuko ditugu, argindar kontsumoa murrizteko".

LED bidezko argiteriarekin eta erregulazio automatiko baten bitartez, udalak espero du kontsumoa gutxitzea. "Teknologia hau argien piztuera eta erregulazioa automatikoki egiteko gai da, eta LED argiek bizi iraupen luzeagoa dutenez, energetikoki eraginkorragoak dira, mantentze gastua ere murriztuz", jakinarazi du San Martinek.

Urtetako lanek hilabete inguru iraungo dute. Udalak, Eusko Jaurlaritzaren bidez, 23.552,40 euroko diru laguntza jaso du, Urkomek sustatutako Landa Garapenaren Planaren barruan.