Urola Kostako EH Bildu: "UKUEko zuzendaritzak ez du jarrerak gerturatzeko saiakera nabarmenik egin"

Zarauzko Hitza 2017ko abe. 23a, 10:00
Astelehenean eman zieten lehenbiziko onespena UKUEko 2018ko aurrekontuei.

Behin-behinean onartu dituzte UKUEko 2018ko aurrekontuak, eta eskualdeko koalizioa abstenitu egin da.

Hilaren 18an onartu zituzten behin-behinean Urola Kostako Udal Elkarteko 2018ko aurrekontuak, EAJ, PSE-EE eta Irabazi Zarautzen babesarekin. EH Bildu abstenitu egin zen, "gabeziak izanagatik, hainbat proiektu interesgarri ezinbestekotzat" jotzen dituztelako eta ez dutelako nahi horien gauzatzea "oztopatu".

Lehenik eta behin, Urola Kostako EH Bilduk argitu du lerro "benetan interesgarriak" badaudela, euren babesa dutenak. "Begi onez ikusi ditugu Uemarekin lankidetzan burutuko den proiektua, turismoan euskarak lehentasunezko presentzia izan dezan, edo lan duin eta iraunkorra bultzatzeko martxan jarri genituen laguntzak mantentzea", nabarmendu dute.

Hondakinak biltzeko sistema berria gauzatzeko partida ekonomiko nagusia ere jasotzen dute aurrekontuek, baina atal horretan, "behar beste baliabide bideratzea ezinbestekoa" dela adierazi dute eskualdeko EH Bilduko ordezkariek: "Arrakasta izango badu eta dagoeneko sistema hori erabiltzen duten eskualdeetako esperientzia ikusita, ezarpen fasean indar berezia egin behar da".

Zentzu horretan, ezarpen fase horretan 10 hezitzaile behar direla azpimarratu dute, eta hala eskatu diote EAJri. "Atzera bota dute eta lau hezitzaile eta koordinatzaile bakarra ariko dira bost herrietako 20.000 etxe eta 700dik gora saltokietan. Aldaketa guztietan bezala, sistema berri baten eraginkortasunaren gakoetako bat ezarpen fasean jartzen diren baliabideetan dago eta hori izan da gure proposamenaren arrazoia".

Arreta, gauzatze mailan

Era berean, "EH Bilduren ekimenez UKUEtik lan egonkor eta duinak sustatzeko ematen hasitako laguntzetan beste jauzi bat" proposatu dute: "Modu positiboan baloratu dira orain arteko laguntzak eta, bide horretan, emakumeak laneratzeko eta parekidetasunean sakontzeko beste neurri bat eskatzen genuen: oinarrietako puntuaziotatik haratago, emakumeen laneratzerako lerro berri bat sortzea. Baina hori ere ez dute onartu".

Bestalde, diru partida "garrantzitsu bat" ere proposatu du Urola Kostako EH Bilduk, hain zuzen ere, eskualde mailako gizarte zerbitzuei erantzun bateratua eman ahal izateko egin beharreko eskumen aldaketak burutu eta zerbitzuen antolaketa eta lanetan murgiltzeko. "Honi ere ezezkoa esan diote".

"Esan beharra dugu EAJren zuzendaritzaren aldetik aurreko urtean akordioetara heltzeko–eta akordioetara iritsi ginen azkenean– jarrera ikusi bagenuen ere, aurten ez dela horrela izan", nabarmendu dute. "UKUEko zuzendaritzak ez du jarrerak gerturatzeko saiakera nabarmenik egin eta gure proposamen nagusiak ez ditu aintzakotzat hartu".

lldo horretatik, urtean zehar aurrekontuaren gauzatze maila zenbaterainokoa den eta nola betetzen den  ikusi beharko dela diote: "Horretan jarriko dugu arreta".