Aitor Mendiluzek eskuratu du aurtengo zintzarria

Zarauzko Hitza 2017ko abe. 23a, 10:19
Aitor Mendiluze azken agurrean, irabazlearen zintzarria lepoan duela (@AnaGalarraga1)

Julio Sotorekin buruz burukoa jokatu ondoren, entzuleen botoek XI. Kopla Txapelketako garaipena eman zioten bertsolari andoaindarrari.

Astebetean bi buruz buruko jokatu ditu Aitor Mendiluze bertsolari andoaindarrak: igandean, BECeko pabilioi jendetsuaren aurrean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, eta atzo Putzuzuloko oholtza gainean, XI. Kopla Txapelketan. Lehen saiakeran Maialen Lujanbiok jantzi zuen txapela, baina bigarrenean ez zuen hutsik egin eta garaipena bereganatu zuen. Txapelarik ez zuen jantzi, ordea: koplazaleen zintzarri preziatua baizik.

Urki Muguruza eta Ainhoa Alberdik gidatuta, hamar bertsolari hauek hartu zuten parte festa giroko lehia honetan:Andoni Egaña, German Urteaga, Xabier Arriaga Txiplas, Julio Soto, Oihane Perea, Danel Olano, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Aitor Mendiluze bera. Entzuleen botoek hala erabakita, horietatik sei pasatu ziren hurrengo fasera, eta funtzionamendu bera erabiliz, Mendiluze eta Soto sailkatu ziren azken txanparako. Azken ariketen ondoren, bertaratutakoek andoaindarrari eman zioten txapeldun izatearen ohorea.

XI. Kopla Txapelketa Arraio Irratiaren eskutik entzun ahal izan zen zuzenean, eta grabazioa entzugai jarri du. Bestalde, aurki bideoan ere jarriko dute ikusgai.