EH Bildu: "EAJk ezezkoa eman die gure proposamen guztiei, PSE-EErekin eskutik hartuta"

Zarauzko hitza 2017ko abe. 28a, 10:00
EH Bilduko udal taldea (Aritz Mutiozabal).

Koalizioak udaleko, Urola Kostako Udal Elkarteko eta aldundiko aurrekontuetarako "hobekuntzak" proposatu arren, ez dira aurrera atera; horien artean, esaterako, saihesbidearen proiektua.

Zarauzko EH Bilduk hiru esparrutan –Zarauzko Udalean, Urola Kostako Udal Elkartean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan– landu ditu 2018ko aurrekontuak, gure herriaren garapenerako beharrezko ikusten ditugun hobekuntzak landu eta txertatzen" saiatuz. Hiruretan, ordea, atzera bota dizkietela jakitera eman du: "EAJk, PSE-EErekin eskutik hartuta, ezezkoa eman die gure proposamen guztiei".

Edonola ere, garbi utzi nahi dute urtean zehar proposamen horiek aurrera egiteko lanean jarraituko dutela.


Saihesbideari ezetza

Gipuzkoako EH Bilduk 2018ko aurrekontuak hobetzeko 85 proposamen egin ditu, ia 60 milioi murrizketa sozialak baztertzeko, adinekoentzako zerbitzuak indartzeko, enplegu duina sortzeko eta, besteak beste, Zarauzko saihesbidearen lanekin hasteko. Baina EAJk, PSE-EErekin eta PPrekin batuta, guztiei "uko egin" diela adierazi du. Zarauzko saihesbidea egiteko, esaterako, "proposamen zehatza" aurkeztu zuen koalizioak, datozen urteetarako diru konpromiso konkretuekin, baina "beste behin, saihesbideari ezetz esan dio EAJk, 2015ean egin zuen bezala".

Koalizioaren hitzetan, "gure herrian aitzakiatan ibili dira, esanez EH Bilduk gelditu zuela saihesbidea". Horren aurrean, EAJri "gauzak garbi" azal ditzala eskatzen diote: "2011n, milioi bat euro baino ez zuen bideratu EAJk 27 milioiko obra bat egiteko, ez zuen jarraipenerako konpromisorik hartu, proiektuak ez zituen beharrezkoak ziren baimenak, eta ezinezkoa zen exekutatzea".

2015ean, EH Bilduk proiektu eta aurrekontu berri bat proposatu zituela gogora ekarri du: "Baliabideak aprobetxatuz, saihesbidea autopistarekin bideratzea proposatu genuen. Bi fasetan egiteko pentsatua zegoen eta 21 milioi inguruko aurrekontua zuen. EAJk ezezkoa bozkatu zuen eta orain, 2018ko aurrekontuetan eta datozen urtetarako, 13,5 milioi euroko konpromiso proposamenari ere ezezkoa eman diote. Gainera ez da euren etorkizuneko inbertsio planetan agertu ere egiten".

Udalean zuzenketa partzialak

Zarauzko Udalean, berriz, EH Bilduk sei arlotako –etxebizitza, enplegua, gizarte zerbitzuak, ingurumena, bizikidetza eta kultura eta hezkuntza– multzotzan aurkeztu zizkien zuzenketa partzialak Udal Gobernuak osatutako aurrekontu proposamenei. "Gure zuzenketak herritarren kezka nagusietan oinarritu dira, hau da, Zarautzen bizi eta lan egin ahal izateko herritarrek dituzten zailtasunak ikusita, gure herrian bizi kalitate duin bat bermatuko duten neurriak proposatu ditugu", adierazi du.

EAJk eta PSE-EEk ez zituen bat bera ere onartu, eta EH Bilduk aurrekontuei ezezko botoa eman zien. Izan ere, Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamenean "gauza interesgarriak" daudela diote, baina "gabeziak ere handiak" direla uste dute.

EH Bilduren "hobekuntza proposamenak" atzera bota diren arren, "lanean jarraituko dugu modu batera edo bestera zarauztarren alde eskaera hauek bideratzen".