Hiru proiektu garatzen aritu da Saharautz saharar kanpamentuetan

Zarauzko hitza 2017ko abe. 29a, 10:00
Errefuxiatuen kanpamentuan eraikitzen ari diren baratze-haztegia (Saharautz).

Behar gehien duten familiei diru laguntza eman diete, bidoiak erosi dituzte bost haimatan jartzeko eta baratze-haztegi bat eraikitzeko lehen pausoa eman dute.

Saharautz Elkartasun Taldeko kideek saharar errefuxatuen kanpamentuetara bidaiatu dute hilabete honetan, eta hiru lankidetza proiektu garatzen aritu dira bertan. Alde batetik, beharrik handieneko familiei 750 euroko laguntza eman diete. Bestetik, ur-hodirik ez zuten bost haimatan bidoi bana jarri dute; bidoi bakoitzak 80 euro balio ditu, eta horrenbesteaz, 400 euro bideratu ditu horretara taldeak. Hirugarrenik, baratze-haztegi bat eraikitzeko lehen urratsak eman dituzte, Zestoako Tebal elkartearekin batera: hektarea bateko lur saila, lau negutegi, ur-hodi handi bat eta itxiturak, hain zuzen ere.

Negutegietan hainbat barazki landatuko dituztela jakitera eman du Saharautzeko lehendakari Xabier Euzkitzek. Lursailean, berriz, hogei motatako zuhaitzak, eta oiloak nahiz untxiak ere haziko dituzte. Egitasmo honetara 1.850 euro bideratu dituzte. Diru hori guztia abuztuaren 20an ospatutako Sahara Gara ekitaldietan lortutakoa dela nabarmendu du Euzkitzek, "herritarren, udalaren eta zenbait enpresaren laguntzari esker". Hala, "bihotzez eskertzen dugu proiektu garrantzitsu hauek aurrera eramateko ematen diguzuen laguntza eta arnasa".

Erlazionatuak