Gabonak

Kanpaikadak emango dituzte Musika plazatik

Zarauzko Hitza 2017ko abe. 29a, 13:52

San Silvestre lasterketaren ondoren, urtezaharra agurtzeko festa antolatu du Gazteria Sailak, eta kanpaikadak emango dituzte 20:00etan.

Zarauzko Udaleko Gazteria Sailak antolatuta, 'Kanpaikadak Musika plazatik' egitasmoa izango da urteko azken egunean. Baina ez da gauerdian izango, arratsaldean baizik. San Silvestre lasterketa amaitu bezain pronto, DJ batek girotuko du plaza afalordura arte, eta opariak ere banatuko dituzte. Festaren erdialdean emango dituzte kanpaikadak, 20:00etan. Bertaratzen diren herritar guztien artean hamabi goxokiz betetako 600 poltsatxo banatuko ditu Gazteria Sailak, 19:45 aldera, kanpaikadak jotzearekin batera jateko.

Ekitaldiaren helburua urteko azken poteoa girotzea dela azladu du Gazteria zinegotzi Jon Andoni Urdangarin Urrutiak, "arratsaldeko kutriloia" bailitzan. "Helburu nagusia urteari lagunartean amaiera ematea da, festa giroan, gehienok familiarekin agurtzen baitugu urtea. Hala, etxeko txikiek ere kanpaikaden osteko festa uneaz gozatzeko aukera izango dute".

Bide batez, zinegotziak herriko "martxoso" guztiak gonbidatu ditu festara: "Zarautz festazalea da, eta badakigu arduraz gozatzen. Beraz, eman diezaiogun urteari merezi duen amaiera, datorren urtea hobea izan dadin".