Herritik igaroko da autismoaren aldeko itsas zeharkaldia

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 3a, 11:55

Udan egingo dute Marea Urdina, Saturrarandik hasi eta Hondarribira bitartean, bi egunetan eta txandaka. Tartean, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Oriotik igaroko dira igerilariak. Crowfounding kanpaina jarri dute abian, antolakuntzako gastuei aurre egiteko.

Autismoa duten pertsonen inguruan gizartea sentsibilizatzeko eta eritasuna gizarteratzeko, ekitaldi berezia antolatu dute udako: Marea Urdina. Horren helburua da Gipuzkoako kosta igerian zeharkatzea. Oraindik ere ez dute data zehatza finkatu, baina bai ibilbidea. Guztira, 34 itsas milia (62 kilometro) egingo dituzte parte hartzaileek, bi egunetan eta txandaka: lehenbiziko egunean, Mutrikutik Oriora arteko zatia zeharkatuko dute, 26 kilometro eginez, eta bigarren egunean, berriz, Oriotik Hondarribira artekoa, guztira 36 kilometro. Tartean, Orioz gain, Zumaia, Getaria eta Zarautz ere zeharkatuko ditu Marea Urdinak.

Hemen lehenbiziko etapako xehetasunak:

 Eta hemen, bigarrengo zatiarenak:

 

Izena emateko epea itxita dago eta 60tik gora lagunek eman dute izena. Antolatzaileek orain crowfounding kanpaina abiatu dute proiektuaren gastuak ordaindu ahal izateko, besteak beste, itsas babeserako erabiliko dituzten itsasontziak, sorospen hornidura eta baimenak ordaintzeko. Edonork egin dezake ekarpena eta, bakoitzak ematen duen kopuruaren arabera, Marea Urdinaren askotariko merchandising-a eskuratu daiteke trukean.

2.500 euroan ezarri dute antolatzaileek ekarpenen muga, baina dagoeneko gainditu dute: 2.630 euro jaso dituzte, ezarritako kopuruaren %105a, zehazki. 12 egun barru amaituko da ekarpenak egiteko aukera, Ulule plataforman. Egitasmoaren inguruko informazio zabalagoa Marea Urdinaren atarian dago eskuragarri.