Dagoeneko eman daiteke izena Pagoeta Mendi Lasterketan

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 3a, 13:09
Iazko lasterketako irudi bat. (Aritz Mutiozabal)

Apirilaren 27ra arte egin daiteke izen ematea, Kirol Probaken atarian. Proba apirilaren 29an jokatuko dute.

Apirilaren 29an, 09:30etik aurrera jokatuko dute aurten Pagoeta Mendi Lasterketa, eta dagoeneko zabaldu dute izena emateko epea. Interesa duten 18 urtetik gorakoek Kirol Probaken atariaren bidez egin dezakete izen ematea, apirilaren 27ko gauerdira arte. 300 parte hartzaileetan jarri dute muga. Txipa dutenek 20 euro ordaindu beharko dituzte eta ez dutenek euro bat gehiago.

Bi ibilbide izango dira aukeran aurten ere: bata, luzea, 21 kilometrokoa, eta bestea, mistoa, bikoteka egitekoa, 9 kilometrokoa. Irteera eta helmuga kiroldegi parean ezarriko dituzte eta bertan jaso ahalko dira dortsalak, bezperan, apirilaren 28an, 17:00etatik 19:00etara edota lasterketaren egun berean, proba hasi baino 15 minutu lehenago arte.

Ohi bezala, askotariko sariak emango dituzte: txapeldunentzat, txapeldunordeentzat eta lehenbiziko zarauztarrentzat. Parte hartzaile guztientzat hamaiketakoa banatuko dute lasterketaren amaieran.  Informazio zabalagoa Pagoeta Mendi Lasterketaren atarian dago eskuragarri.