Bost zarauztar epaituko dituzte bihartik hasita, «desordena» leporatuta

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 8a, 14:36
Orduko zortzi auzipetuak, protesta egin zuten unean. Mugertza, eskuinetik hasita, laugarrena da, (Topatu.eus)

2015ean, Ernaiko zazpi kideren eta Topatu.info-ko kazetari baten kontrako epaiketan, auzipetuek egindako protestan parte hartu izana egotzi diete haiei nahiz beste 40tik gora laguni. Garazi Mugertza orduko akusatua eta epaiketara ikusle gisa joan zirenetako lau lagun dira zarauztarrak.

50 lagunen kontrako epaiketa hasiko da bihar, Alcala de Henareseko (Madril, Espainia) auzitegian eta, auzipetuen artean, hainbat dira eskualdekoak: bost zarauztarrak dira, beste bat Azpeitian bizi den errezildarra eta  beste bat azpeitiarra. 2015eko Ernai ezker abertzaleko gazte erakundeko zazpi kideren –tartean, Garazi Mugertza zarauztarra– eta Topatu.info-ko kazetari baten kontrako epaiketan «desordena publikoa» eragiteagatik daude auzipetuta. Orduko akusatuak eta ikusle gisa joan zirenak daude inputatuta; eskuldekoak dira Mugertza bera eta ikusleetako sei.

Zarauztarrak azaldu dio zergatia Urola Kostako Hitzari, atzera begirakoa eginez. «2013­ko udaberriko Gazte Danbadan terrorismoa goratu izana leporatuta epaitu gintuzten zortziok, eta absolbitu egin gintuzten. Hala ere, inputatuak izan ginen protesta egiteagatik epaiketako lehenbiziko saioan, 2015eko maiatzaren 28an». Aldarrikapen moduan, herri harresi bat irudikatu zuten, Euskal gazteria aurrera! oihukatuz eta elastiko laranjak erakutsiz, Gasteizko herri harresian atxilotutako zazpi gazteei elkartasuna adierazteko. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak hiru aste atzera zazpi gazte horiek kartzelaratzeko agindu zuen, Segiko parte izatea egotzita. «Orduan, Angela Murillo  auzitegi bereko epaileak saioa etetea erabaki zuen eta guztiok kaleratu gintuen». Horren harira dator gaur hasiko den epaiketa.

«Inongo oinarririk gabeko kontua luzatuz»

«Protesta horren helburua zen epaiketekin sortutako zirku hori guztia salatzea. Azken finean, geure kontrako epaiketa horixe izan zen, zirku bat:  ez zuten inolako frogarik eta argi geratu zen helburua zela Ernaien eta Segiko gazteen kontrako epaiketa bat martxan jartzea. Azkenean, arrazoia eman ziguten eta guztiok absolbitu gintuzten».

Zentzu horretan, «inongo oinarririk» ez duen kontua «luzatzea» dela dio  Mugertzak: «Ekimena aurrera eramateagatik gu zortziok inputatu izanak akaso logika apur bat izango luke, baina ikusle guztiak inputatzea, ez zekitenean  halakorik egingo genuenik eta inongo parte hartzerik izan ez zutenean... Abokatuak berak ere hala dio: ez duela zentzurik epaile batek ikusleak inputatzea. Horregatik diogu logika hori mantentzen duela auzitegiak, ahalik eta gehien luzatuz kontua».

Epaitegiak, bihartik hasita, bost egun ditu gordeta auzi horretarako. Dena den, Mugertzaren arabera, abokatuek uste dute laburragoa izango dela. «Ez dago hainbeste eduki». Guztiek deklaratu beharko dute, aurreko epaiketako zortzi auzipetuek zein ikusleek. «Zortziok gauza bera deklaratuko dugu, eta 40tik gora ikuslek ere bai, alegia, ez zutela inongo parte hartzerik izan ekimenean. Hori kontuan izanda, nahiko azkar joango dela uste dugu».  Fiskaltzak bosna hilabeteko kartzela zigorra eskatu du auzipetu bakoitzarentzat.