«Desordenagatik» auzipetutako 50 kideak epaiaren zain geratu dira

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 9a, 16:11
Auzipetuak Alcala de Henaresko epaitegiaren aurrean. (Topatu.eus)

Ikusleek deklaratu dute ez zutela parte hartzerik izan akusatuek egindako ekimenean eta orduko auzipetuek nabarmendu dute «protesta sinbolikoa» izan zela. Fiskalak berretsi egin du akusazioa eta defentsako abokatuek absoluzioa eskatu du guztientzat.

Gaur hasi da «desordena publikoa» eragitea leporatutako 50 lagunen kontrako epaiketa, Alcala de Henaresko epaitegian (Madril, Espainia). Epaituen artean zazpi dira eskualdekoak: bost zarauztarrak –Garazi Mugertza barne–, errezildarra bat eta azpeitiarra bestea. Mugertzak saioa amaitu berritan Urola Kostako Hitzari jakinarazi dionez, 10:00 aldera ekin diote auzibideari eta ordubeteko epean deklaratu dute akusatu guztiek; 48k epaitegian bertan deklaratu dute eta beste bik bideokonferentzia bidez, Euskal Herritik.

2015eko maiatzaren 28an, Mugertzaren eta beste zazpi kideren kontrako epaiketako lehen saiora ikusle gisa joan ziren guztiek gaur adierazi dute haiek ez zutela izan orduko auzipetuek egindako protestarekin zerikusirik: zehazki, deklaratu dute ez zutela «aldarrikapena txalotu, ezta oihurik egin ere», eta akusatuek protestarik egin behar zutenik ere ez zekitela.

Mugertzak eta 2013ko Gazte Danbadan terrorismoa goratzeagatik auzipetuta zeuden gainontzeko zazpiek, berriz, protestaren nondik norakoak azaldu dituzte gaurko saioan. «Adierazi dugu protesta sinboliko bat izan zela, Gasteizko herri harresian atxilotutako, eta gerora epaitu eta kartzelaratutako gazteen kontrako auzia bidegabea zela salatzeko. Gerora ikusi da bidegabekeria bat izan zela, absolbitu egin baitzituzten guztiak», azaldu du zarauztarrak.  Era berean, auzipetuek gogoratu dute aldarrikapenak «segundo gutxi batzuk» besterik ez zituela iraun, eta haien asmoa ez zela «desordena publikoa eragitea».

Akusatuez gain, AVTko kideek eta orduko epaiketa zaintzen aritu ziren poliziek ere deklaratu dute gaur, lekuko gisa. Lehenbizi, 2015eko auzibidean AVTko abokatu gisa jardun zuenak erantzun ditu defentsako abokatuen zein fiskalaren galderak. Topatu.eus-eko ordezkariek bertatik bertara jarraitu dute epaiketa eta, sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, AVTko kideek adierazi dute ikusleak oihuka hasi zirela orduko auzipetuek herri harresia irudikatu zutenean. Poliziek, berriz, deklaratu dute bertaratuak «pixka bat tiratu» eta gero «beren kabuz» atera zirela epaiketako gelatik, Angela Murillok saioko auzipetuak eta ikusleak kaleratzeko agindua eman zuenean.

Jarraian, frogak erakutsi dituzte: batetik, sare sozialen bidez zabaldu zen protestako unea erakusten zuen ikus-entzunezkoa, eta bestetik, 2015eko auzi saioaren grabazioa. «Azken horretan ez zen protestaren unea agertzen, Murillok berak kamera gelditu egin baitzuen momentu hartan», adierazi du Mugertzak.

"Ezin frogatu" parte hartzea

Epaiketako azkenera iritsita,  defentsako abokatuen zein fiskalaren txanda heldu da. Defentsak nabarmendu du ezin dela frogatu epaiketara bertaratutako ikusleek akusatuen protestan parte hartu zutenik, eta  orduko akusatuek ez zutela «desordena publikoko eta alterazio grabeko ekimenik» aurrera eraman. Horrenbestez, guztien absoluzioa eskatu du. Fiskalak, aldiz, akusazioak mantendu eta auzipetu bakoitzarentzat bosna hilabeteko kartzela zigorra berretsi du, Mugertzaren arabera.

14:30 aldera bukatu dute epaiketa saioa, eta epaiaren zain geratu dira akusatu guztiak. Mugertzak Hitzari adierazi dio ezin dela jakin noiz jakinaraziko duten epaia. «Berretsi dugu guztiz bidegabea izan zela zazpi gazte horiek epaitzea eta kartzelaratzea, eta geure kontrako epaiketa ere zirku bat izan zela. Kasu honetan, gaurko auzia ere luzapen hutsa izan dela nabarmendu dugu», gaineratu zuen.

Zarauztarrak akusatutako guztiak absolbituko dituztela espero du, «ez delako delitu larririk egon eta ikusleek ez zutelako inolako parte hartzerik izan protestan».

Erlazionatuak