Omenaldi hunkigarria egin diote Iruretagoienari, haren hilketaren 20.urtemugan

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 9a, 20:56
Iruretagoienaren alarguna, semeetako bat eta arreba, alkatearekin, plaka estalgabetu ondoren. (Aritz Mutiozabal)

ETAk 1998ko urtarrilaren 9an hil zuen PPko zinegotzia omendu dute gaurko ekitaldian. Haren inguruko adierazpena irakurri du Xabier Txurruka alkateak, alderdi guztietako zinegotzien babespean, eta Iruretagoienaren omenezko plaka inauguratu dute.

Udalbatzar aretoa leporaino beteta eta jendea gelaren kanpoan zela hasi dute gaur Jose Ignacio Iruretagoiena PPko zinegotzia zena omentzeko ekitaldia, ETAk hura hil zuela 20 urte bete diren egunean. Aurrez, Xabier Txurruka alkateak harrera egin die udaletxeko atarian haren alargun Maria Jose Imazi, bi semeei eta gertuko senitartekoei. 19:00k jo orduko, txistulariaren eta alkatearen atzetik igo dira horiek guztiak udalbatzar aretora. Sartzearekin batera, bertaratutako guztiak zutik jarri dira.

Tartean izan dira, besteak beste, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia; Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendaria eta Enrike Ullibarriarana Biktimen Arretarako aholkularia; Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza; Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaria; Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Komunikazioko diputatu Imanol Lasa; Denis Itxaso ahaldun nagusiaren ordezkoa eta Kultura diputatua; Gipuzkoako PPko presidente Borja Semper eta idazkari nagusi David Hernandez; Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza eta antolakuntzako idazkari Mikel Duran zein Rafaela Romero PSE-EEko legebiltzarkidea.

Era berean, Iruretagoeina zinegotzi izan zen agintaldiko zinegotzietako gehienak ere bertaratu dira: Jose Manuel Agoues, Arantza Laskibar, Txumai Iturria, Jon Alberdi, Gema Gonzalez Txabarri, Peru Bazako, Arantza Larrañaga, Anjel Irastorza, Xabier Alberdi eta Ignacio Eizagirre. Zarauzko alkate ohiak ere presente izan dira, Imanol Murua zena izan ezik: Antonio Alberdi, Maite Etxaniz, Jon Urien eta Juan Luis Illarramendi. Izan direnen artean zen Gervasio Juaristi PPko garai hartako Zarauzko presidentea ere.

Memoriaren zubia

Jesus Arana Zarauzko Bizikidetza Batzordeko buruak eman die ongietorria guztiei, eta Iruretagoienaren agintaldiko zinegotziak nahiz Zarauzko alkate ohi guztiak gonbidatu izanaren arrazoia azaldu du: "Zubi bat osatu nahi dugu, memoriaren zubia".

Txurrukak hartu du ondoren hitza, egungo zinegotzi guztien babespean, adierazpena irakurtzeko. Besteak beste, honakoa adierazi du: "Adierazpen honen bitartez, gure adiskidetasun eta elkartasun guztia adierazi eta helarazi nahi diogu familiari. Modu autokritikoan begiratu nahi dugula atzera adierazi nahi dugu. Erakundeok eta indar politikook hausnarketa kritikoa partekatu behar dugu egin ez denari buruz, edo modu isilean egin denari buruz, edo berandu egin denari buruz; edo banatu gaituenari buruz bene-benetan batzen gaituenaren aurrean. Gaur, hemen, indarkeria arbuiatzeak eta biktimei elkartasuna adierazteak batzen gaitu. Eta noizbait, Zarauzko Udala edo bertan ordezkaritza dugun alderdiok edo gizabanakoren bat ez bagara behar zenean zuen ondoan egon, edo horrela sentitu baduzue, barkamena eskatu nahi dizuegu".

Ondoren, PPko zinegotzia zenaren omenez udalbatzar aretoan kokatu duten plaka estalgabetu dute alkateak eta alargunak. Honakoa dio: Jose Ignacio Iruretagoiena Larrañaga Zarauzko Udaleko zinegotziaren oroimenez. ETAk hil zuen, 1998ko urtarrilaren 9an. Ez zuen gertatu behar. Inoiz ez... Txalo zaparrada luze baten ondoren, Imazek eskerrak eman dizkie bertataratu direnei eta, bereziki, urteotan familiaren ondoan egon direnei. "Une oso gogorra da, baina uste dugu Jose Ignaciok merezi duela". Agur jaunak abestia kantatuz amaitu dute ekitaldia.