zarauzkohitza.eus

"Erasoen aurrean erantzuten ikasi dugu eta aurrean izango gaituzue"

Zarauzko Hitza 2018-01-10 17:52   gizartea

Xakela Gaztetxe Asanbladak EAJk jarritako "trabekin kokoteraino" dagoela nabarmendu du eta Putzuzulon egndako lapurretek "ezintasuna" sortzen diola, baina "etsipenik" ez. "Erasoen" aurrean, "autokudeaketan oinarritutako jabetza kolektiboa eraikitzen jarraituko" duela dio.

"Erasoen aurrean erantzuten ikasi dugu eta aurrean izango gaituzue"
Urriaren 30ean, 12. urteurrenean, topa egin zuten gaztetxean. (Aritz Mutiozabal) | Ikusi handiago | Argazki originala

Xakela Gaztetxe Asanbladak idatzi bat kaleratu du, 2017an jazotakoaren inguruan. Urrian, 12. urtemuga ospatu zuen Putzuzulok, eta "sekulakoa" izan zela dio: "Aspaldi ez bezalako urteurrena, ikasturteari ekiteko dosi erraldoia". Dena den, "betiko arazoekin" jarraitzen duela nabarmendu du: "Bai urteurrenean, bai ondoren, EAJk ez dizkigu herritarronak diren eskatutako azpiegiturak utzi. Benetan, ez dugu ulertzen". Salatu du alderdi jeltzaleak oholtzarik ez diola utzi asanbladari 20. urteurrena bete berri duen Erantzun taldearen eta, zortzi urteko ibilbidearen ondoren, azken kontzertua eskaini zuen Mor More taldearen emanaldietarako.

"Herritarron diruarekin erositako materiala herritarrek erabili ezina azpiegiturak pribatizatzea dela deritzogu", kritikatu du. "Udalak herriko azpiegitura guztia erabili dezake haren ekintzetarako eta kontzertuetarako eta, zerbait handiagoa antolatu nahi badu, alokatu egiten du. Hori guztia gure diruarekin, denon diruarekin". Hori horrela, "udalak jarritako traba guztiekin kokoteraino" dagoela jakinarazi du, "beti zalantzarekin eskaerak egitearekin, udalaren apetazko tratuarekin eta babes faltarekin".

Xakela Gaztetxe Asanbladaren arabera, "udalak herritik sortzen diren ekimenei laguntza eta babesa eman beharko lieke, baina, EAJren jarrera guztiz kontrakoa da": "Elkartasuna, elkarlana eta bizikidetza bezalako hitzekin ahoa betetzen duten arren, ez dute horiek betetzeko ahaleginik egiten. Ez batzuekin behintzat".

Salberdinen inguruan kartelak jarri dituztela gogoratu du eta EAJko ordezkariak "harrotasunez" agertu direla komunikabideetan proiektuaren nondik norakoak azaltzen. "Hala ere, bizilagun eta proiektu batzuen etorkizunari buruz hitzik ez dute esan. Hau da hau gobernua! Hamabi urtez lanean tinko ibili den gaztetxeari ez dio irtenbiderik bilatu nahi. Hori al da herri antolamendua? Herritar guztiongan pentsatzen al dute gure agintariek?", galdetu dute asanbladako kideek.

Ezintasun handia, etsipenik ez

Halaber, gogoratu dute abenduaren 19an gaztetxera sartu eta txikiziok egin zituztela: "2017an laugarren aldiz sartu ziren gure etxera. Hainbeste izerdiz eraikitakoa horrela txikituta ikusteak ezintasun handia sortzen digu, baina ez etsipenik, noski".

"Eraso" horien aurrean, "autokudeaketan oinarritutako jabetza kolektiboa eraikitzen jarraituko" dutela nabarmendu dute. "Putzuzulon betidanik ibili direnekin, etorri berri diren gazteekin eta parte hartzeko gogoa eta ilusioa duten herritarrekin".

"Lapurtu ahalko digute dirua. Lapurtu ahako digute etxea. Agian, asko saiatuta, ilusio pixka bat ere lapurtuko digute, baina erasoen aurrean erantzuten ikasi dugu eta, bai, aurrean izango gaituzte".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa