Zarauzko Udalak, kirolak eta jarduera fisikoak herritarren ongizatean duten «garrantzia handia» kontuan izanda, inbertsio berriak egin ditu kiroldegiko fitness makinaria eraberritzeko asmotan. Hain zuzen ere, spinning-eko bizikleta berriak erosi ditu. «Kiroldegia mantentzea ezinbesteko dela uste dut», azaldu du Iban San Martin Kirol zinegotziak. «Duela bi urte fitness aretorako makinaria berria erosi genuen, eta urte berriarekin batera, spinning aretorako 21 bizikleta erosi ditugu».
San Martinek jakinarazi du 07:00etatik hasi eta 20:00etara arte spinning praktikatzen duten talde askok erabiltzen dituztela bizikletak; guztira, 176 bazkidek. «Eskaera handia duen ikastaroa izanik, BH bizikleta marka ezaguneko H923 DUKE MAG bizikleta modeloak erosi ditugu, ikastaro hauetan jarduten diren bezeroek kirol hori praktikatzeko kalitatezko material eguneratua izan dezaten». Horretarako, 20.041,11 euroko aurrekontua baliatu du udalak.