zarauzkohitza.eus

Haimar Zubeldia izendatuko dute Mahasti Jaun Getariako San Anton Egunean

Zarauzko Hitza 2018-01-11 17:39   gizartea

Txirrindularia iaz erretiratu zen, 20 urtez profesional mailan aritu ondoren. Haren ibilbidea aitortuko dute txakolinaren uzta berriaren aurkezpenean, Getarian. Unai Agirre bertsolaria ere omenduko dute urtarrilaren 17an, San Anton Egunean.

Haimar Zubeldia izendatuko dute Mahasti Jaun Getariako San Anton Egunean
Haimar Zubeldia, iazko Zarauzko Klasikoan egindako omenaldian. (Amaia Ventas Aldabaldetreku) | Ikusi handiago | Argazki originala

San Anton Egunean, datorren asteazkenean, aurkeztuko dute Getariako Txakolinaren uzta berria. Urtero legez, gastronomiaren, euskal kulturaren eta txakolinaren alde lan egin duten pertsonak edo eragileak omenduko dituzte; aurten Zarauzko bizilagun Haimar Zubeldia eta Unai Agirre hernaiarra izendatuko dituzte Mahasti Jaun.

Zubeldiak iaz hartu zuen erretiroa, 20 urtez txirrindulari profesional gisa aritu ondoren. Agirre, berriz, Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko zortzi finalistetako bat da, Euskal Sagardoa jatorri deiturako teknikaria izateaz gain.

Omenaldiaren ondoren, topa egingo dute Zubeldiak eta Agirrek Getariako Txakolinako ordezkariekin eta hura osatzen duten arduradunekin zein askotariko erakunde publikoetako kideekin.

Tokiko ezaugarria mantenduz

Aurreratu dutenez, iaz 3.784.000 kilo mahats jaso zuten eta batez beste 3,4 milioi botila ekoiztu dituzte. Mahats biltzea irailaren bigarren hamabostaldian hasi zuten eta urriaren 15ean amaitu. "Eguraldi onari esker mahats biltzea modu mailakatuan egin zen. Bildutako mahatsa kalitatezkoa izan da eta honekin batez beste 11 graduko txakolina egitea eta ahoan txakolin orekatua izatea lortu da, gure tokiko ezaugarria mantenduz", jakinarazi dute.

Gaur egun 33 dira Getariako Txakolina osatzen duten upategiak; horietatik zazpi daude Zarautzen. Gainontzekoak, Aian (hiru), Beizaman (bat), Getarian (hamabi), Orion (bat), Alkizan (bat), Arrasaten (bat), Deban (bat), Hondarribian (bat), Mutrikun (bat), Oiartzunen (1), Olaberrian (bat), Oñatin (bat) eta Villabonan (bat) aurkitzen dira.

Uzta berriaren aurkezpen ekitaldia 12:15ean hasiko da, herriko frontoian. Urola Kostako Hitzaren atarian dago ikusgai Getariako sanantonetako egitarau osoa, esteka honetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa