Ramon Olasagasti: «‘Bullying’-a oso azalean dago, nahiz eta lehen ez zen aipatzen»

Aritz Mutiozabal 2018ko urt. 12a, 09:00
Ramon Olasagasti (utzitakoa).

Lizardi Saria lortu du Olasagastiren (Berrobi, 1972) Sasiolako errotaria lanak; 2013an ere saritu zuten, Sugaar lanagatik. Bi plano tenporal erabilita, misterioa eta gazteen arteko harremanak uztartu ditu.

Lizardi Saria irabazten duzun bigarren aldia duzu. Nola jaso duzu berria oraingoan?
Lehenengoan bezainbesteko pozarekin edo, agian, gehiagorekin. Ordukoa oso pozgarria izan zen, eta gogoan dut aurkezpen ekitaldian esandakoa ere. Zarautzera azken urteetan sarri joaten gara, semea surfzale amorratua delako, eta gu geu, haren atzetik, lardaskan ere hasi gara; olatu txikietan zutik jartzea lortzen dugu noizean behin. Lehen sari hura taulan zutik jartzea bezala izan zen. Aspaldian, ordea, apenas sormen lanik egin gabe nengoen –ipuinen bat edo beste idatzita bai, baina argitaratu gabe–, eta, alde horretatik, oraingo hau ere pozgarria izan da, nire lan bat argitara emateko aukera emango didalako. Biak ala biak hartu izan ditut oso pozik.

Olatua menderatzea bezala izan da honako hau?
Ez, inondik inora ere ez. Amateurra izaten jarraitzen dut, eta taula gainean zutik jartzea lortzen dudan bakan horietan txiripa izaten da. Oraingo sari hau ez nuke esango txiripa izan denik, idaztetik edo hizkuntza lanabes hartuta bizi naizelako; lehen kazeritzan eta egun itzulpengintzan. Baina olatua mendean hartzea oraindik oso zaila da niretzako.

Sasiolako errotaria da ipuinaren izena. Non dago errota hori, benetakoa bada, noski?
Ez da benetan existitzen. Ni izatez Berrobikoa naiz, eta herri txiki gehienetan izaten da etxe abandonatua edo erdi erorian dagoena eta haurren erakarmena pizten duena: zer ote dagoen barruan, zer gordetzen duen, nor bizi izan ote zen... Sasiolako errota horixe bera da, gure beldurren, misterioen eta jakin-minen bilgune bat, asmatutako toki bat, eta hor nolabait jozten da misteriozko kontakizun bat.

Etxe jakin horren istorioa irudikatu duzu, beraz.
Hori izan da asmoa. Gero, zehar lerro moduan beste gai bat jorratu dut. Gu haur ginen garaian bullying-ik ez zen existitzen; hitz hori, behintzat, ez. Baina belaunaldiz belaunaldi izan dela esango nuke; beti nabarmendu da norbait, eta beti hartu da norbait jomuga bezala. Ipuin honetan presente dago, eta horrelako harremanak korapilatzen dira kontagai duen misterioaren inguruan, baina baita adiskidetasun harremanak ere.

Ipuinean bi garai uztatu dituzu, gainera.
Bi plano tenporal daude ipuinean: bata, gaur egungoa, 13-14 urteko Ander izeneko haur baten ikuspegitik kontatua, eta bestea, aitona-amonen garaiko beste istorio ilun bat, joan den mendearen erdialdean kokatua. Bi planoak ipuinaren amaieran elkartzen doaz, eta Sasiolako errota horren inguruan korapilatzen den istorioa argitzen joaten da pixkanaka.

Aitona-amonen garaiko istorio hori ere asmatua da?
Hala da, bai. Ez dago ingurukoen kontakizunetan oinarrituta, baina izan izango ziren antzeko kasuak eta gertaerak, herri guztietan entzun izan baititugu kontakizun ilunak. Nirea asmatutakoa da, baina gertatu izango ziren eta hor ere izango ziren gazteen arteko harremanak, eta ipuin honetan halako harreman baten inguruan gertatzen den pasadizo ilun bat dago.

Misterioa, fantasia eta beldurra elementu klabeak dira ipuinean, baina fantasia hori errealitatean puri-purian dagoen gai bat jorratzeko baliatu duzu.
Misteriozko edo intrigazko istorio bat sortzea izan da nire asmoa. Hasiera batean, ez neukan horrelako gairik jorratzeko asmorik, baina herri txikietan eta ez hain txikietan gertatzen diren harreman horiek lantzeko aukera eman dit istorioak. Bullying-aren gaia oso azalean dago, nahiz eta gure denboran eta gure guraso edo aitona-amonen garaian ez zen aipatzen.

«Hizkera aberatsa ez ezik, eraginkorra eta txispaduna da», nabarmendu du epaimahaiak.
Eskertzekoak dira hitz horiek. Ez dakit zenbaterainoko meritua dudan nik. Azken batean, hizkuntza gure gurasoengandik jasotzen dugu, eta ama zenak gaztelaniaz ez zekien ia. Guk etxean euskara jaso dugu, eta ahozkotasunetik datorren berezkotasun hori. Hori guztia kazetaritzan edo sormen lanetan islatzen saiatu naiz, eta epaimahaiak hori ikusi badu, poztekoa da.