Bolada txarrari amaiera eman nahi dio Ulacia Grupok, Ardoiri irabazita

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 12a, 17:02
Ulacia Grupok bigarren itzuliari ekingo dio igandean (Argazkia: Alex Jimenez).

EBA ligako bigarren itzuliari ekingo dio Ulacia Grupok asteburuan. Kadete neskek eta junior mutilek, berriz, Euskal Ligarako txartela lortzeko lauko finalak izango dituzte.

Ulacia Grupok Megacalzado Ardoi hartuko du igande honetan Aritzbatalden, 18:30etik aurrera. Bi taldeek bolada txarra daramate ligan –nafarrek lau partida galdu dituzte jarraian eta zarauztarrek bost–, eta bien artean garaipen bakarreko aldea dago. Edonola ere, talde indartsua du Ardoik: duela bi urte igoera fasea jokatu zuen liga irabazi eta gero, eta iaz bosgarren postuan bukatu zuen.

Aurten beren ohiko postuetatik urrun egonagatik, partida irabaztera kanatxaratuko dira. Ulaciak joaneko partidan erakutsi zuten talde honen aurka lehiatu daitekeela, eta gogotik borrokatuko da garaipena eskuratzeko lehian.

Azpiko mailetakoen lauko finala

Kadete neskak eta junior mutilak Euskal Ligarako igoera faserako txartela eskuratzen ahaleginduko dira Donostian. Mutilek TAKE Burruntzi Erretegia taldearen aurka jokatuko dute larunbatean, 16:00etan, Benta Berri kiroldegian. Irabaziz gero, finala igandean jokatuko lukete, Pio Baroja kiroldegian, 12:00etan, Easo eta Añorgaren artekoan irabazten duenaren aurka.

Kadete neskek, bestalde, 20:00etan jokatuko dute larunbatean Easo Menditxu taldearen kontra, Bidebietan. Irabaziko balute, finala igande eguerdian izango lukete, Bidebietan bertan, Eskoriatza edo Cafés Aitona Askatuaken kontra.