XVI. Ikerlari Paleontologo Gazteen Topaketa izango da apirilan Zarautzen

Zarauzko hitza 2018ko urt. 14a, 10:00

Apirilaren 11tik 14ra egingo da topaketa, eta azken urteko paleontologiaren ekarpen eta aurrerapenak ezagutzea da asmoa.
 

Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateak eta Aranzadi zientzia elkarteak antolatuta, XVI. Ikerlari Paleontologo Gazteen Topaketa izango da apirilaren 11tik 14ra Zarautzen. Topaketan parte hartuko duten gazteak Igerain aterpetxean izango dira egun horietan, eta hainbat irteera egingo dituzte; besteak beste, Santiagoko padurara, Ekainberri haitzulora, Flyscheko itsaslabarrera eta Santa Maria La Real monumentu multzora.

Martxoaren 9ra arte eman daiteke izena topaketan, 65 euroren truke. Topaketen eta izen ematearen inguruko informazio guztia ejip2018.com helbidean aurki daiteke.


Zarautz, paleontologoen interesgune

Antolatzaileen arabera, “interes paleontologiko eta geologiko handiko natur eremu batean” kokatzen da Zarautz. Herriko alde zaharraren “aberastasun artistikoa zein arkitektonikoa” ere aipatu dituzte. Haien hitzetan, Zarautz leku ezin hobea da horrelako jardunaldi batentzat. Hala, azken urteko paleontologiaren ekarpen eta aurrerapenak ezagutzeko tartea hartuko dute.