Hainbat zarauztar lehiatuko dira bihar, Sorgiñetxe Big Wave Erronkan

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 17a, 12:15
Txapelketako kartela.

Artiz Aranburuk, Indar Unanuek, Ibon Amatriainek, Adur Letamendiak, Roberto Letemendiak eta Iker Amatriainek hartuko dute parte Debako olatu handien txapelketa horretan.

Lehenbiziko aldiz antolatu dute Sorgiñetxe Big Wave Erronka, Deban. Bihar izango da lehia, olatu handien txapelketa hori jokatzeko itsas baldintza ezin hobeak aurreikusi dituztela-eta. Itxarote epea amaituta –urtarrilaren 8tik martxoaren 31era finkatu zuten– eta probaren data zehaztuta, 18 surflarik hartuko dute parte, tartean, hainbat zarauztarrek: Aritz Aranburuk, Indar Unanuek, Ibon Amatriainek, Adur Letamendiak, Roberto Letemendiak eta Iker Amatriainek, hain zuzen ere. Itxarote zerrendan daude Iosu Iribar getariarra,  Liber Gesalaga oriotarra eta Ibai Unanue azpeitiarra.

08:00etan check in-a egin ondoren, 08:30ean hasiko dute txapelketa. Lehen itzulian hiru txanda jokatuko dituzte, bakoitzean sei surflari lehiatuz. Aranburu izango da lehenbizikoan; Unanue, Iker Amatriain eta Letemendia bigarrengoan; eta Letamendia zein Ibon Amatriain hirugarrengoan. Lehen itzuli horretako hiru surflari onenak finalera pasatuko dira zuzenean.

Txanda bakoitzean bigarren eta hirugarren sailkatzen direnak, guztira sei surflari, beste aukera bat izango dute bigarren txandan, 11:30etik aurrera. Txanda horretako lehen hiru sailkatuak finalera pasatuko dira, zuzenean sailkatu diren beste hiruekin lehiatzeko.

Dinamika honakoa izango da: surflari bakoitzak hartzen dituen bi olatu onenak izango dira puntuagarriak, eta bi horietatik onenak bikoitza balioko du. Finala 12:30ean izango dela aurreikusi dute, eta 14:00etan sari banaketa.

EHSF Euskal Herriko Surf Federazioak eta Debako Yako Surf Eskolak antolatu dute txapelketa hori, euskal surflariak diziplina horretan garatzeko, EHSFk modalitate horretako sailkapen bat osatzeko eta olatu handietako surflari berriak ezagutzera emateko asmoz. Wavescore.net webgunean ikusi ahalko dira emaitzak.