Zarata bilakatu zuten bizigai

Aritz Mutiozabal 2018ko urt. 18a, 09:00
Erantzun taldeko kideak: ezkerretik hasita, Xanti Iregi ‘Xan’, Josu Arrillaga ‘Arri’, Hodei Esteban Pertusa eta Aitor Morey ‘Murray’. (Aritz Mutiozabal)

Bi hamarkada beteko dira aurten Erantzun taldeak bere lehen kontzertua eskaini zuela. Larunbatean, aspaldiko partez, zuzenean ariko da Putzuzulo gaztetxean.

Talde batek 20 urte daramatzala entzuten duzunean, beti iruditzen zaizu beteranoak direla. Gu oraindik gazteak gara, baina. 14 urterekin jo baldin bagenuen gure lehen kontzertua, bada atera kontu­ak». Aparteko garrantziarik ez diote eman urtemugari Erantzun taldeko kideek. Izatez, etzi Antiligent eta Ojotrueno taldeekin batera Putzuzulon jo behar duten kontzertuaren iturburua beste bat izan delako.

Aspaldi elkarrekin jo gabe zeudela eta, kontzertu bat  egitekoak ziren iazko martxoaren amaieran. Hitzordu hura bertan behera utzi behar izan zuten, ordea, Xanti Iregi Xan abeslariari ebakuntza bat egin behar izan ziotelako. Uda aldean Berlingo (Alemania) lagun batzuk – Antiligent taldea– urtarrilean biran zetozela aitzakiatzat hartuta, haiekin oholtza partekatu eta zintzilik utzi zuten hitzordu hura berreskuratzea erabaki zuten. Gerora, ohartu dira taldeak lehen aldiz jo zuenetik 20 urte betetzen direla aurten. Efemeridea kasualitatez etorri bada ere, lagunartean ospatuko dute urtemuga biribila; 23:00etan hasiko da jaialdia.

Bospasei urte pasatu dira etengabe jotzen aritzeari utzi ziotenetik; bitarte horretan taldea lozorroan egon bada ere, kontzertu puntual bat edo beste eskaini izan dute. Abendua bukaeran hasi ziren berriro elkartzen, eta hainbat entsegu egin dituzte Vista Alegreko beraien ohiko lokalean. Ongi moldatu direla dio Hodei Esteban Pertusa gitarristak: «Iaz, berriro elkartu ginenean, ez geneukan arrastorik ere abesti batzuk nola jotzen ziren. Orain, iazko entseguen ondoren, berehala eguneratu gara». Ez dela nekeza izan gaineratu du Josu Arrillaga Arri bateria-joleak: «Abestiak pixka bat gogoratzea izan da oraingoan. Azkenean, taldekideok ez gara geldirik egon, bakoitzak beste proiektu batzuetan jarraitu baitugu. Agian, Xan aritu da apenas abestu gabe».

Lan kontuak medio, oso zaila egiten zaie elkartzea, ordutegi oso ezberdinak dituztelako, eta kontzertu hau prestatzeko ahalegin berezia egin dute. Ondorioz, itzulera ofizialik ez dela izango nabarmendu dute taldekideek. Hala ere, noizbehinka elkartzen jarraitzeko asmoa dute kontzerturen bat eskaintzeko.


Ikasturte amaiera, hasiera

DBH3ko ikasle zirela jo zuten lehen kontzertua Salbatore Mitxelena Ikastolan, 1997ko ekainean, ikasturte amaierako festan.  «Ha­si ginenean entsegu lokalik ez geneukanez, Ikastolan utzi ziguten entsegu batzuk egiten», ekarri dute gogora. Kontzertu hura eskaintzeko, «Mitxelenan anplifikagailua eta pedala zeuzkaten batzuk bazirela entzun genuen, eta ezagutu gabe haiei eskatzera joan ginen. Gogoan dut Ganix Illarramendik (Mantisa) eta Alberto Blazquez (Metralleta) utzi zizkigutela», azaldu du gitarristak. «Emanaldiaren ostean, Manuela gaztetxean eta sanpelaioetan jo genuen, eta, horrela, taldeak martxa hartu zuen».

Lehen kontzertu hartatik Esteban Pertusa eta Xanek jarraitzen dute, baina  bigarren kontzerturako jada Aitor Morey Murray baxu jotzailea sartu zen. Arri bateria-jotzailea urte batzuk geroago gehitu zitzaion hirukoari, 2005ean, Arosek taldea uztea erabaki zuenean; urte horretan bertan orduko abeslari Patxi Caminosek ere laga egin zuen.



«Hasieran ahal genuena egiten genuen, hardcore-punk bidetik, baina agian ez genuen lortzen nahi genuen gogortasuna. Laurok geratu ginenean izan zuen taldeak bilakaera hori». Ibilbidean hainbat lan eman dituzte argitara: Burmuinak astindu (2003), Bizitzea halabeharrez askatasuna erabiltzera behartua sentitzea da (2009) eta Hazia ernaltzen duen tanta (2010) bakarka, eta beste bi partekatuta, Afganistan Yeyes eta InsultosAlGobierno taldeekin (2005).

DIY-Do It Yourself filosofiarekin bat egiten duen taldea da Erantzun. Taldearekin ezagutu duten lan egiteko modua izan dela nabarmendu dute. Lehen diskoa Angel Fresnillo Fresek gidatzen zuen Cooperacion Records-en bidez kaleratu zuten, eta haren bitartez joan zirela ikasten diote: kontzertuetan postua jartzen, banaketa egiten, beste taldeen diskoak hartzen, argitaratzeko elkar laguntzen...

Taldearen inflexio puntua 2003ko abenduan Donostiako Guardetxean jotako kontzertua izan zela zehaztu dute kideek: «Emanaldi hartan sekulako bolloa sortu zen publikoan, eta, harrezkero, Erantzunekin festa izaten zela zabaldu zen». Kontzertuak ugaritzen joan zitzaizkien, eta 700  inguru jo dituzte urte hauetan guztietan. Euskal Herriko nahiz Espainiako hamaika tokitan aritzeaz gain, lau bira egin dituzte  Europan barna–2004, 2006, 2007 eta 2009­an–, eta beste bat Hego Amerikan, 2008an. Larunbatean, beste behin, 30 minutuko deskarga zaratatsu eta bizi batekin erantzungo dute.