Zarauzko Kirol Sariak 2017

Ainara Aymat eta Eneko Goenaga izendatu dituzte 2017ko kirolari onenak

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 18a, 16:40
Ainara Aymat, Mundakako proba irabazi ondoren. (EHSF)

ZKEko Futbol saileko neskek eta ZAEko jubenil mutilek jasoko dituzte talde onenen sariak, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a-k kirol jarduerarena eta Pablo Cazalisek entrenatzaile onenarena.

Aurten ere, iaz kirol arloan mo­du batera edo bestera nabarmendu ziren herritarrak sarituko ditu Zarauzko Udalak. Horretarako, hautaketa prozesua jarri zuen martxan herritarren proposamenak jasotzeko, eta horietan oinarrituta, atzo bertan erabaki zuten udal ordezkariek nortzuk izango diren aitortza jasoko dutenak. Hala, Ainara Aymat surflaria eta Eneko Goenaga eskubaloi jokalaria izendatu dituzte iazko kirolaririk onenak.

Urte biribila izan zen iazkoa Aymatentzat; izan ere, hirugarren sailkatu zen Israelgo Seat Pro Netanya txapelketan, eta hainbat lorpen pilatu zituen Euskal Herriko Surf Zirkuituan: Mundakan eta Deban garaile izan zen, eta hirugarren, berriz, Orroagako nahiz Sopelako txapelketetan. Goenagak, berriz, zilarrezko domina eskuratu zuen 19 urtez azpiko Eskubaloiko Nazioarteko Txapelketan, Georgian, Espainiako Selekzioarekin.

Emakumezko talde onenaren aitortza ZKEko Futbol saileko neskek jasoko dute, bigarren mailara igotzea lortu baitzuten iaz Euskal Ligan txapeldun izan ondoren. Gizonezkoetan, berriz, Zarautz Arraun Elkarteko jubenil taldeak jaso du boto gehien, otsailean Euskadiko txapelketa irabazi zuelako.


Ibilbidea eta boluntariotza

Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a-ri kirol jarduera aitortuko diote. Hiru hamarralditik gora harria jasotzen jardun ondoren, erretiroa hartzeko erabakia hartu zuen urrian. Haren ibilbide profesionala nahiz herri kirolak sustatzeko egindako lana omenduko dute. Pablo Cazalisek jasoko du, aldiz, entrenatzaile oneneren saria, Espainiako txapelketarako sailkatu den Nikolas Illarramendi igerilaria entrenatzen duelako.

Boluntarioei ere egingo diete aitortza. Batetik, Babyauto enpresak jasoko du babesle onenaren oroigarria, errugbia bultzatzeagatik. Bestetik, Kirola Bizi saria Patricia Damiani eskainiko diote, Zarauzko Triatloiko zuzendaritzan egiten duen lanagatik. Era berean, Jesus San Martin eta Rafa Olaizola ere omenduko dituzte, biak ala biak futbol saila laguntzeagatik.

Datorren otsailaren 2an izango da sari banaketa ekitaldia, Antoniano aretoan.