Amatriainek, Erostarbek eta Goenagak jasoko dute aldundiaren talentu beka

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 19a, 11:19
Besteak beste, Nadia Erostarbe surflariak jasoko du beka.

Amenabarreko Mikel Amilibia oriotarrak eta Aialako jokalari Nora Kortaberria elgoibartarrak ere jasoko dute beka.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol departamentuak lurraldeko etorkizuneko eta talentuko kirolariei zuzendutako bekek badituzte jabeak. Atzo Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatu zuten 22 kirolarien zerrenda eta tartean hainbat dira zarauztarrak: Eneko Goenaga Amenabar eskubaloi taldeko jokalaria eta Nadia Erostarbe zein Iker Amatriain surflariak.

Horiez gain, Goenagaren taldekide Mikel Amilibia oriotarrak, Aiala eskubaloi taldeko jokalari Nora Kortaberria elgoibartarrak, Bidasoa eskubaloi taldeko Kauldi Odriozola zumaiarrak eta Sara Iparragirre IDK Gipuzkoa saskibaloi taldeko jokalari oriotarrak ere jasoko dute beka. Horietako bakoitzak 2.045,45 euroko laguntza jasoko du, ebazpenean zehaztu modura, "kirol ibilbideko jardueretan kalitate handia izateko aukera" emango diena.